NAIZ
EIBAR

Garaipen erraza lortu du Eibarrek Realaren aurka (2-0)

Erraz, aise irabazi du Eibarrek Realaren aurka Ipuruan jokatu duen derbia (2-0). Aritz Elustondo atzelari txuri-urdinak txartel gorria ikusi du lehenengo zatian, eta horrek neurketaren nondik-norakoa baldintzatu du. [Neurketaren xehetasunak]

Ipuruak denboraldiko bere lehen derbia hartu du. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Ipuruak denboraldiko bere lehen derbia hartu du. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Ipuruak denboraldiko lehenengo derbia hartu du larunbat honetan, Eibar eta Realaren artekoa. Sailkapen nagusian eroso, aurrera begira jartzeko aukerekin ekin diete bi taldeek neurketari.

Eibar hobeto sartu da partiduan, Reala baino intentsitate handiagoarekin. Baina lehenengo hamar minutuen ostean, eta baloiaren jabetza eskuratuta, Eibarren atera gerturatzeko hainbat saiakera egin ditu Realak.

Neurketaren norabidea, baina, guztiz aldatu da 25. minutuan, Aritz Elustondok atera zihoan baloi bat eskuarekin geratu eta txartel gorria ikusi duenean. Txartel gorriaz gain, penaltia jaurti du Pedro Leonek, baina zeruetara bota eta huts egin du.

Hala, hutsean iritsi da neurketa atsedenaldira, baina bigarren zatia goitik-behera kontrolatu du Eibarrek. 55. minutuaren bueltan lehena sartu du Eibarrek, Illarramendiren laguntzarekin, eta hamar minutu beranduago bigarrena egin du Bebek.

Bi gol eginagatik, gehiago egiteko aukera garbiak izan ditu Eibarrek. Gaurko garaipenarekin, hamar punturekin jarri da Eibar; Realak, berriz, zazpirekin jarraituko du.

Errepasatu neurketak utzi dituen xehetasun guztiak NAIZen webgune berezian.