Oihana Llorente

Osagaiak nahastu eta emakume sukaldariak bistaratuta, amaitu da Julen Nafarrateren abentura

Grezia eta Euskal Herria batu ditu Julen Nafarratek, tartean sekretu gastronomiko ugari begiztatuz. Europa hegoaldeko etxeetan, ikusezin, lanean ziren hamaika emakume sukaldari bistaratu ditu 2016ko Biziz egitasmoko enbaxadore honek. Tartean, bere izeko Mertxe. Menu eder batekin bidaiari amaiera eman dion protagonista.

Europa hegoaldeko kostalde osoa zeharkatu ostean, Berangora itzuli da Julen Nafarrate Aurrekoetxea. Hiru hilabete eman ditu Donostia 2016ko ‘Biziz’ enbaxadore gisa, Grezia eta Euskal Herria banatzen dituzten 3.000 kilometroak txirringa gainean zeharkatzen. Pedalei eragiteko indarra, baina, tartean aurkitutako sukaldetan hartu du. Izan ere, tokian tokiko sekretu gastronomikoak ezagutzeko asmoarekin abiatu zuen bidaia.

Nafarrate izan da txirringa gainean aritu dena, baina, bidaiako beste protagonista Izeko Mertxe izan da. Izan ere, proiektuak «Izeko Mertxeren osagaien bila» goiburua du. Mertxe, Nafarrateren izeba izateaz gainera, sukaldari aparta da eta berari eman dizkio bidaian zehar eskuratutako osagaiak.

Izeko Mertxe bezala, inolako errekonozimendurik gabe sukaldeetako pareten artean jo eta su lanean dauden emakume sukaldariak bistaratzeko helburua zuen Nafarratek. Hori zen bidaiaren xedea. Izan ere, gurean bezala, Europan ere, «meritu guztiak gizonek eskuratzen dituzten bitartean, etxeetan, ikusezin, kalitate bikaineko ehunka sukaldari» egongo zirela sinetsita hasi zuen bidaia. Herriz herri, sukaldeetako ateak jo eta barruraino sartu da, emakume sukaldari horiek aurkitu, ezagutu eta eurekin tokian tokiko errezetak ikusi eta dastatzeko. Eta bistan da, topatu dituela! Emakume bakoitzak gainera, osagai bat eman dio opari, eta horiek guztiekin egin du Euskal Herrirako bidaia.

Ekainean eta Grezian abiatu zuen bidea Nafarratek eta bertan, Atenaseko Egaleo auzoan ezagutu zuen Kira Suzi 90 urteko emakumea. Bere etxean sartu, kefredakia eta gemista izeneko platera dastatu eta lehen osagaia sartu zuten alforjan: oreganoa.

Olioa, intxaurrak, muskuiluak eta cavatelli etorri ziren ostean, baita Positanoko (Italia) Teresak emandako osagai sekretua ere: pasioa.

Uztailaren 24ean ezagutu zuen Nafarratek Teresa, ordurako kilometroek giharretan eragiten duten mina eta urtu arte berotzen zuen eguzkia ezagun zituen berangoztarrak. Itsasoko jakiekin egindako zuppa saracena prestatu zien Teresak.

Bapo bazkaldu ostean, osagaia eskatu zion Nafarratek; Teresak, baina, erantzun borobila bota zion: «Nahi dituzun osagai guztiak eraman ahal dituzu, baina ez baduzu pasiorik eramaten, berdin dio zein plater prestatzen duzun!».

Teresaren pasioaren zatitxo bat sartu zuen beraz, txirringako zakutoan.

Grezia, Italia, Estatu frantsesa, herrialde Katalanak, Aragoi eta Euskal Herria zeharkatu ostean, Donostiara iritsi zen Nafarrate joan den irailaren 18an. Izeko Mertxerekin elkartu zen Donostian, baita Nafarrateren antzera, Europa zeharkatzen aritu diren beste enbaxadekin ere. Izan ere, «Izeko Mertxeren osagaien bila» ‘Biziz’ egitasmoaren baitan kokatzen da, eta bost enbaxaden bidez, Europari, eta, bereziki, arkitekturari, gastronomiari, bioaniztasunari, komunitateari eta sexualitateari begiratu ahal izan diogu.

Hiru hilabete hauetan, Julen Nafarratek ostiralero GARAren Udate gehigarrian egin digu asteko laburpena eta NAIZen, aldiz, bidaiaren eguneroko bikaina egin digu. Egunero egunero, argazkien, bideoen eta bere lerrotxoen bidez abentura honen parte egin gaitu.

Orain, baina, izeko Mertxek Mediterraneo osotik ekarritako osagaiak lapiko berean elkartu ditu, emakume guztien arteko lotura egin eta zikloa itxiz. Hurrena arte Julen Nafarrate eta Izeko Mertxe!