NAIZ
CALAIS

Calaiseko kanpamentua urtea bukatu baino lehen desegingo duela esan du Hollandek

Calaisen inguruan milaka etorkin eta errefuxiatu hartzen dituen kanpamentua urtea bukatu baino lehen «erabat eta behin betiko» desegingo duela adierazi du François Hollande presidente frantsesak.

Hainbat etorkin, Calaisen. (Philippe HUGUEN/AFP)
Hainbat etorkin, Calaisen. (Philippe HUGUEN/AFP)

François Hollande presidente frantsesa Calaisen izan da gaur baina ez da «oihan» gisa ezagutzen den kanpamentura joan. 7.000-10.000 errefuxiatu eta etorkin inguru daude kanpamentu horretan, hainbat iturriren arabera, Britainia Handira ezkutuan pasatzeko asmoarekin.

Bernard Cazeneuve Barne ministroarekin eta Emmanuel Cosse Etxebizitza ministroarekin izan da Hollande eta kanpamentua urtea baino lehenago «erabat eta behin betiko» desegingo duela esan du, data zehatzik eman gabe.

Frantziar mugaren «iragazgaitasuna» bermatu behar dela nabarmendu du eta Gobernu britainiarrak ere frantsesekin «betebeharrak» dituela erantsi. Hala, haiek ere dagokien ardura hartu behar dutela adierazi du.

Joan zen astean Calaiseko portura doan errepidearen inguruan horma bat eraikitzen hasi ziren, etorkin eta errefuxiatuak Britainia Handira doazen kamioietan sar ez daitezen.