NAIZ
DONOSTIA

«Burujabetza prozesu baten aldeko palanka izateko» borroka sindikala indartuko du LABek

Lantoki, hiri zein herrietan borroka sindikala indartzeko konpromisoa adierazi du LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek. Urteko erronken aurkezpenean, azpimarratu du «langileok antolatzen jarraituko dugula eskubide sozial, laboral eta politikoen defentsan».

Ainhoa Etxaide, LABeko idazkari nagusia, Donostian. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Ainhoa Etxaide, LABeko idazkari nagusia, Donostian. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Sindikatu abertzaleak Gipuzkoako delegatuen batzarra burutu du Donostian eta bertan egoeraren inguruko irakurketa eta kurtso berrirako erronkak azaldu ditu Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak.

«Langileok antolatzen jarraituko dugu eskubide sozial, laboral eta politikoen defentsan», esan du Etxaidek. Ildo horretan pausuak eman ahal izateko, «euskal langileok gure interesak eta eskubideak defendatuko dituzten ordzkariak behar ditugula» nabarmen du d.

Ikasturte honetan borroka sindikala lantoki, hiri eta herrietan indartuko dutela esan du Ainhoa Etxaidek, «langileok burujabetza prozesuaren aldeko palanka izateko».

«Gauzak aldatu behar direla pentsatzen duten langileak burujabetza prozesura ekartzeko» beharra azpimarratu du LABeko idazkari nagusiak, «izan abertzaleak edo ez».

Bestalde, Etxaidek gogoratu du kurtso hau garrantzitsua izango dela sindikatuarentzat, Kongresu urtea delako, «eta ez edozein Kongresu». «Garai berriak bizi ditugu eta sindikatuok ataka batean gaude: gure burua gaurko egoeran kokatu eta emankorrak izateko bidea aurkitu, edo atzean utzi ditugun garaian geratu, etorkizunerako ibilbiderik gabe».

Horrez gain, egoera politikoari ere aipamena egin dio LABek: «Confebaskek arrazoi asko ditu pozik egoteko; izatez, bera da EAEko hauteskundeak benetan irabazi dituena. Bere interesak, posizioak eta bere politikak agendaren erdi-erdian egon dira kanpainan zehar, eta agendaren erdian jarraituko dute PNVren eskutik».

«Okertzeko beldurrik gabe esaten dugu –gaineratu du Etxaidek– Madrilen PPk gobernatuko duela eta erreforma-murrizketaren bidean sakontzeko erabiliko duela gobernua. Troikak hori agindu du eta Rajoyk egingo duela agindu die».