NAIZ

Galdeketarako bidea abian jarri dute Hernanin ere

Argazki jendetsua egin dute eguerdian Hernanin 2017an egin asmo duten galdeketarako lanak martxan jartzeko. Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko bidean Gure Esku Dagok sustatutako dinamikaren baitan sinadura bilketa abiatuko dute Hernanin. Azaroan Dima eta Bakaikuk hartuko dute ekainaren 5eko lekukoa eta 2017ko udaberritik aurrera Lea-Artibain, Urola-Kostan, Tolosaldean, Oiartzualdean eta Nafarroan dozenaka herrik bide berari jarraituko diote. 

Argazki jendetsua gaur Hernanin. (BagaGiltza)
Argazki jendetsua gaur Hernanin. (BagaGiltza)

Ekainaren 5ean lehen mugarria jarri zuen Gure Esku Dagok sustatutako galdeketen bideak eta pixkanaka orduan hasitako bideari heltzen ari dira beste dozenaka herri. Gaur Hernanin egin dute argazki jendetsua herrikideei estatus politikoaz izango den galdeketa antolatzeko sinatzera deituz. Astigarraga eta Hernaniko galdeketa sustatzeko sortu den ‘BagaGiltza’ ekimenak deituta egin dute gaurko argazki jendetsua. Azaroaren 12an Udaberri festa egingo dute eta bertan hasiko dute galdeketarako sinadura bilketa.

Ekainean 34 herritan izan ziren galdeketek abiatu zuten Gure Esku Dagok «erabakiaren aroa» bezala definitu duen saioa. Asteon Azpeitian hartu zuten lekukoa Urola Kostako beste hainbat herrik, 2017ko udaberrian galdeketak egingo dituzte Azkoitian, Getarian, Orion, Zarautzen, Zestoan eta Zumaian. 

Bide berari segiz udaberrirako iragarri dituzte galdeketak Lea-Artibai eskualdean, Tolosaldean eta Oiartzualdean, besteak beste. Azken honen kasuan motorrak berotze aldera mugarria azaroaren 6rako jarri dute, Pasaiako badia inguratuko dute erabakitzeko eskubidearen alde, 8 km eta erdi osatu asmo dituzte 10.000 lagunen parte hartzearekin. 

2017an bertan Nafarroako beste hainbat herritan ere galdeketak iragarri dituzte, asteon Zornotzan eta Abadiñon ere galdeketak egitea erabaki dute, hurrengo hilabeteetan 100 bat herrik hartuko dute ekaineko 34en lekukoa. Lehenak Dima eta Bakaiku izango dira, azaroaren 27rako egin dute deia.  

Urteberriko saria

Bide honetan dinamika diruz indartzeko ekimena ere abiatu du Gure Esku Dagok, bazkide egiteko aukeraz gain Urteberriko Saria antolatu du. 30.000 euroko sari nagusi bat eta 1.000na euroko beste 10 sari dituen zozketa da eta urtarrilaren 16an egingo dute zozketa. Herriz herri ari dira saltzen boletoak. 

Loading player...