NAIZ
DIMA

Azaroaren 27ko galdeketa babestu dute Dimako iraganeko eta egungo udal ordezkariek

Frankismoaren amaieratik gaur arte udaletxean ordezkari politiko izan diren kolore eta pentsaera ezberdinetako herritarrek Diman datorren azaroaren 27an egingo den herri galdeketan parte hartzeko deia luzatu dute. Gatikan, bestalde, Uribe Butroe eskualdeko prozesuaren hasiera irudikatu dute.

Egungo eta iraganeko udal ordezkarien agerraldia, Diman. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)
Egungo eta iraganeko udal ordezkarien agerraldia, Diman. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)

Frankoren diktadura amaitu eta gaur egun arte udal ordezkari izan diren hainbat herritarrek agerraldi publikoa egin dute, Diman datorren azaroaren 27an egingo den herri galdeketaren harira.

Ordezkari instituzionalek historian zehar izan duten garrantzia azpimarratuz ekin diote agerraldiari, 1936ko otsailaren 23an Dimako Udalak garaiko Gobernu errepublikazaleari foruen aurkako lege-dekretua bertan behera uzteko eskatu ziola gogoratuz.

Hala, eta udal ordezkari gisa, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea aldarrikatu dute: «Nazio bat osatzen dugulako, historian zehar izan ditugun eskubidean berreskuratzea nahi dugulako eta Euskal Herriaren burujabetza nahi dugulako».

Gauzak horrela, datorren azaroaren 27an egingo den herri galdeketa babesten dutela adierazi dute.

Eskualdeko galdeketa prozesuaren hasiera, Uribe Butroen

Ekitaldia egin dute Gatikan ere, Uribe Butroe eskualdeko herriak erabakiaren bidean urratsak ematen hasi direla erakusteko

Euskal Herrian zeharreko beste eskualde batzutan bezala, euren eskualdeak ere erabakitzea erabaki duela azaldu dute: Gamiz-Fikak, Maruri-Jatabek, Gatikak, Meñikak, Bakiok, Mungiak eta Arrietak 2017ko udaberrian erabakiko dute.

Horretarako, sinadura bilketa bat abiatu dute igande honetan, abenduaren 18ra arte luzatuko dena.