NAIZ
DONOSTIA

Gora egin du langabeziak Euskal Herrian 2016ko hirugarren hiruhilekoan

Langabeziak gora egin du Hego Euskal Herrian urteko hirugarren hiruhilekoan. Orotara 183.500 langabe daude, bigarren hiruhilekoan baino 3.200 gehiago, Gaindegiaren arabera. Bizkaian eta Gipuzkoan hazi egin da, Nafarroan eta Araban, jaitsi.

Lanbideren bulego bat, Gasteizen. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Lanbideren bulego bat, Gasteizen. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

INE eta INSEE estatistika institutu espainol eta frantsesaren datuak aintzat hartuta, 183.500 langabe zeuden Euskal Herrian urteko hirugarren hiruhilekoan, Gaindegiak emandako datuen arabera. Langabezia tasa, berriz, %12,3koa da, iazko epe berean baino 0,96 puntu apalagoa.

INEk zabaldu dituen Populazio Aktiboaren Inkestaren datuak kontuan hartuta, Araban eta Nafarroan behera egin du langabeziak hirugarren hiruhilekoan. Araban 1.300 langabe gutxiago zenbatu dituzte, guztira 18.800. Langabezia tasa %12,16koa da.

Nafarroan, aldiz, 1.200 pertsona gutxiago daude lanik gabe, guztira 38.400. Langabezia tasa %12,41ekoa da.

Bizkaian eta Gipuzkoan, aldiz, gora egin du langabe kopuruak aurreko hiruhilekoarekin alderatuta. Lehenean igoera nabarmena izan da, guztira 79.400 langabe daude, 5.500 gehiago. Bigarrenean askoz apalagoa izan da hazkundea, guztira 35.000 pertsona daude lanik gabe, bigarren hiruhilekoan baino 300 gehiago. Langabezia tasari dagokionez, Bizkaian %14,5ekoa da eta Gipuzkoan, %10.35ekoa.

Gaindegiaren arabera, azken hiruhilekoan Euskal Herriko eta Europako Batasuneko langabezia tasen arteko aldea 0,4 puntu handitu da; Euskal Herriko langabeziak 4,1 puntu handiagoa izaten jarraitzen du.