@gara_miantzi
Durango

Astelehenak Azoka gaztetu du berriz

Zubia da batzuentzat, lan eguna bertzeentzat, eta ikastetxe aunitzek Durangora ekarri dituzte gaur ikasleak. Aguraindik etorri da 15-16 urteko mutiko kuadrilla, goiz pasa. Bertze ikasle talde bat, santurtziarra, fitxa batzuk eskuetan dabil jendeari galderak egin eta apunteak hartzen, txintxo-txintxo agindutako lanak betetzen. Jendea badabil liburu eta disko artean ikusmiran, baina oraingoz egunik lasaiena izaten ari da.

Ikasle ugari hurbildu da Durangoko Azokara astelehenarekin. (@gara_miantzi)
Ikasle ugari hurbildu da Durangoko Azokara astelehenarekin. (@gara_miantzi)

Leire Bilbao, Patxi Zubizarreta, Unai Iturriaga, Iñaki Egaña, Kirmen Uribe, egunero beren postuan mugiezin Gatibukoak eta Toti Martinez de Lezea, Zea Mays, Su Ta Gar, Jabier Muguruza... Egile ugari ari da bere lanak sinatzen Landakon. Kanpoan, Ahotseneko zuzenekoetan Txilly-ren rap doinuak aditzen dira, eta Huntzaren ‘Aldapan gora’ arrakastatsuarekin dantzan ari da jendea.

Astelehenak Azoka gaztetu du berriz, ikastetxe ugaritako ikasleak baitabiltza harat-honatean. Batzuk libre, Aguraingo Xabi, Mikel, Iker, Iñigo eta Julen bezala; bertzeak irakasleak jarritako ariketak eginez, Santurtziko Diego, Aiala, Xabi, Maialen, Irantzu, Nerea eta Silviaren gisan. Lehendabiziko aldia dute bi taldeek eta gustatu zaie. Goiz pasa polita egiten ari dira, klasetik kanpo zerbait desberdina eta interesgarria egiten. Landakon barna zoazela, lurrean borobilean jarrita topatuko dituzu, ariketak egiten.

Areto Nagusian, Hizkuntza eskubideak bermatzeko protokoloa aurkezten dabil Paul Bilbao entzule andanaren aurrean; Saguganbaran, bitartean, familia osoarentzako ipuin kontaketekin ari dira; Szenatokian martxan da antzerki maratoia, Kabian teknologia berrien inguruko tailerrekin dabiltza buru-belarri, eta Irudienean ‘Ikuska. Ezina ekinez egina’ dokumental sailaren aurkezpena dago, bertzeak bertze.

Honetaz guztiaz gain, herri osora zabaltzen den giroa, lagun zaharrak berriro ikusteko aukera, ezagunekin topo egin eta solasean aritzea... Momentu ederrak pasatzeko giroa eskaintzen du Azokak.