NAIZ
BILBO

Garaipenaren bidera itzuli da Athletic Rayo Vallecanoren aurka jokatutako partidan

Azken bi partidetan porrot eta berdinketa bana lortu ondoren, garaipenaren bidera itzuli da Athletic Rayo Vallecanoren aurkako partidan (2-3). Yulema Corres, Nekane eta Joana Flaviano izan dira talde zuri-gorriaren golegileak.

Gogotik egin behar izan du lan Athleticek hiru puntuak etxeratzeko. (ATHLETIC CLUB)
Gogotik egin behar izan du lan Athleticek hiru puntuak etxeratzeko. (ATHLETIC CLUB)

Bartzelonaren aurkako porrotaren eta Realaren aurkako derbian Lezaman lortutako berdinketaren ondotik, garaipenaren bidera itzuli dira Joseba Agirreren neskak Rayo Vallecanoren aurkako partidan.

Neurketa hasi eta segundu gutxira ireki dute zuri-gorriek markagailua, Nekane Diezek jarritako baloi on bat aprobetxatuz Yulemak eginiko golari esker.

34. minutuan Nekanek berak egin du bigarrena, baina atsedenaldira iritsi aurretik, Natalia Pablosek distantziak laburtu ditu, 1-2koa eginez.

Bigarren zatia ez da hobeto hasi, 51. minutuan Nataliak bigarren gola egin baitu talde madrildarrarentzat, markagailuan berdinketa ezarriz. 

Talde bizkaitarreko jokalariek ongi erantzun dute eta sei minutu beranduago hirugarren gola egin dute, Morazaren erdiraketa Joana Flavianok buruz maisuki sareetara bidalita.

Lan eskerga egin behar izan du Athleticek hiru puntuak ateratzeko, eta oso garrantzitsua izan da Ainhoa Tirapuk egin duen partida bikaina.

Orain, bi partida jarraian jokatuko ditu Athleticek Lezaman: igandean Transportes Alcaineren aurka (16.00) eta ostegunean, hilak 15, Oiartzunen kontra (19.30).