NAIZ
DONOSTIA

Feministaldiak #Plaza hartzea izango du helburu aurten

Feministaldiaren XI. edizioa abenduaren 12tik 18ra ospatuko da Donostian eta #Plaza hartzea izango du helburu, «historikoki emakume zein beste gorputz disidenteei ukatutako gunea izan delako».

Feministaldiaren aurkezpena Tabakaleran egin dute. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Feministaldiaren aurkezpena Tabakaleran egin dute. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Feministaldiaren XI. edizioa aurkeztu dute gaur Plazandreok Emakumeen Plataforma Politikoak, Donostia 2106ren eta Tabakaleraren kolaborazioarekin eta Emakunde eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Abenduaren 12tik 18ra ospatuko da aurten, #Plaza lelopean. Astebete horretan hitzaldiak, mahai-inguruak, filmak eta kontzertuak izango dira eta adierazpen horiek ikuspegi feminista batetik landuko dituzte, Tabakaleran eta Guardetxean.

Aurtengo leloari dagokionez, antolatzaileek #Plaza hautatu dute «historikoki emakume zein beste gorputz disidenteei ukatutako gunea izan delako» eta Feministaldiaren oinarrizko helburuetako bat hori berreskuratzea izan delako. Plaza «agentzia eta ahalmen leku gisa» ulertu dute, «eraldaketarako eta aukeraz betetako leku gisa, bertara salto egiteko, hitza hartzeko, egunez zein gauez hartzeko leku gisa, plaza segurua, plaza politikoa».

Mahai-inguruen artean, ekonomia feminista ardatz izango dute Silvia Federici eta Amaia P. Orozcok; Estatugintza Feministaren inguruan jardungo dira Jule Goikoetxea eta Onintza Enbeita; eta Cristina Rosenvingek ere hitzaldia eta kontzertua eskainiko ditu, beste batzuen artean.