NAIZ
BILBO

Euskal hitzarmenei lehentasuna ematen dien akordioa baikorki ikusten dute ELA eta LABek

CCOO, UGT eta Confebaskekin batera asteartean sinatutako Akordio Interprofesionalaren inguruan «balorazio baikorra» egin dute ELA eta LAB sindikatuek, euskal hitzarmenei lehentasuna ematen dielako Estatutik datozen hitzarmenen aurrean. «Negoziazio kolektiboa bultzatuko dugu Euskal Autonomia Erkidegoko sektore eta lantokietan, prekaerietateari aurre egiteko aldarrikatzeaileen bitartez», azpimarratu dute.

Ezkerretik eskuinera, Txakartegi, Muñoz, Etxaide eta Aranburu. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Ezkerretik eskuinera, Txakartegi, Muñoz, Etxaide eta Aranburu. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

ELA eta LAB sindikatuetako idazkari nagusiek, Adolfo Muñoz eta Ainhoa Etxaide, agerraldia egin dute Bilbon Garbiñe Aranburu (LABeko Ekintza Sindikal eta Negoziazio Kolektiboko idazkaria) eta Leire Txakartegirekin (ELAko lan osasunerako arduraduna) batera, asteartean CCOO, UGT eta Confebaskekin batera adostutako Akordio Interprofesionalaren inguruko irakurketa egiteko.

Bi sindikatuek «balorazio baikorra» egin dute adostutakoaz, euskal hitzarmenei lehentasuna ematen dielako Estatutik datozen hitzarmenen aurrean. Hala, akordioak «Zapateroren lan erreformaren eragina mugatzen» duela azpimarratu dute ELA eta LABek.

«Gogoratu eta salatu nahi dugu Espainiako patronala –Confebask bertako partaide da– eta CCOO eta UGT sindikatuak aipatutako erreforma baliatzen ari direla negoziazio kolektiboa estatalizatzeko eta euskal esparruan dauden lan baldintzak okertzeko», nabarmendu dute.

Bi sindikatuek ondo hartu dute Confebasken iritzi aldaketa: «Uste dugu Confebasken jarrera aldaketaren atzean beldurra dagoela, beste patronal batzuek bere ordezkaritza monopolioa zalantzan jar dezaketelakoan, administrazio desberdinetatik jasotzen duen finantzazio publikoan izango lukeen eraginarekin. Izan ere, egoera pribilegiatua du, gobernuek ordezkaritza egiaztatzera behartzen ez duten bitartean».

Negoziazio kolektiboa

Nolanahi ere, bi sindikatuek azpimarratu dute «akats larria» litzatekeela akordioarekin negoziazio kolektiboaren arazoa konponduta dagoela. «Ez da horrela, ezta gutxiagorik ere. Sinatutakoa egiturazko akordio bat da; ez du edukietaz hitz egiten, eta ELAk eta LABek gatazka handi bat dugu patronalarekin edukien arloan».

Hitzarmenen edukiei dagokionean, Confebaskek, lan baldintzak prekarizatzeko helburuarekin, «bere neurrira egindako bi lan erreformei esker» abantaila ateratzen jarraitu nahi duela adierazi dute.

ELA eta LABek argi utzi nahi izan dute «borrokari uko egin gabe, gaurtik aurrera tresna gehiago» dituztela EAEko negoziazio kolektiboa bertan erabakitzeko.

Sindikatuen arabera, «urtarrilaren 17an sinatutako akordio beraren eraginkortasuna zalantzan jar daiteke». «Legeak estatalizazioari eman zion lehentasuna, eta gaur egun zenbait hitzarmen daude auzibidean, patronalaren ekimenez, Estatuko hitzarmenak aplika daitezen helburuarekin. Zentzu honetan, argi eta garbi esan daiteke Estatuak zenbait eskubide zalantzan jartzen dituela, bere joko arauen bitartez; askatasun sindikala eta euskal esparruan negoziazio kolektiboa gauzatzeko eskubideak, kasu», esan dute.

«Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua defendatzen dugun neurrian –azpimarratu dute–, ELAk eta LABek nahi dugu euskal langileei eragiten dieten erabakiak hemen hartzea, Hego Euskal Herrian; eta, noski, gauza bera eskatzen dugu eragiten diguten hitzarmen kolektiboekin, euskal gehiengoei zor zaien errespetuagatik».

Era berean, uztailaren 22an Elkarrizketa Sozialaren mahaian hartutako akordioak bertan behera utz ditzala exijitu diote Lakuari.

«Negoziazio kolektiboa bultzatuko dugu Euskal Autonomia Erkidegoko sektore eta lantokietan, prekarietateari aurre egiteko eduki aldarrikatzaileen bitartez», nabarmendu dute.