NAIZ

Lasaitasunerako hiru puntuak Oiartzunentzat, eta esku hutsik itzuli da Reala

Irabazi egin behar zuen Oiartzunek Tacuenseren aurka, sailkapen nagusian azken postuan dagoen taldearen aurka; eta hala egin du (2-0). Realak, berriz, aurrera urratsa emateko aukera galdu du (1-0). [Sailkapenak]

Neurketa garrantzitsua irabazi dute oiartzuarrek. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)
Neurketa garrantzitsua irabazi dute oiartzuarrek. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

Behar-beharrezkoa zuen Oiartzunek igande honetan etxean Tacuenseren, sailkapen nagusiko azken sailkatuaren, aurkako neurketa irabaztea. Eta hala egin du, atzeko postuetatik apur bat urrunduz.

Eta behar hori argi antzeman da zelaian ere. Hiru puntuen bila atera dira oiartzuarrak, eta eurenak izan dira lehen zatiko aukera garbienak markagailua mugitu ez bada ere. 60. minutuan iritsi da lehenengo gola; Jone izan da goleatzailea.

Markagailuan aurretik jarri izanagatik ere, aurrera begira jarraitu dute etxekoek. Hala, Eguzkiñe Peñak egin du bere taldearen bigarrena, hiru puntuak Karla Lekuonan utziz.

Ez du antzeko zorterik izan, aldiz, Realak. Kopako postuetan sartzeko aurkari zuzena duen Santa Teresaren aurka lehiatu dira etxetik kanpo donostiarrak.

Neurketa hasi eta 15 minutura egin dute gola etxekoek, Vaniaren eskutik. Eta hortik aurrera ez da markagailua gehiago mugitu.