NAIZ
BILBO

Chucho Valdes, Bill Evans, Dean Brown eta Andrzej Olejniczak Getxoko Jazzaldian egongo dira

Getxoko 41. Jazzaldiaren saio nagusien eskaintza dagoeneko osatuta dago, Chucho Valdes piano jotzaile kubatarra, Bill Evans saxo jotzailearen eta Dean Brown gitarristaren laukotea eta Andrzej Olejniczak saxo jotzailea gehitu baitira aurretik iragarri ziren John Abercrombie eta Dianne Reeves artistei.

Chucho Valdes, 2014an, Gasteizko Jazzaldian. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)
Chucho Valdes, 2014an, Gasteizko Jazzaldian. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Andrzej Olejniczak Poloniako saxo jotzaile ospetsuenetakoarekin abiatuko da jazzaldia ekainaren 28an. Musikari, konpositore, moldatzaile eta pedagogo poloniarrak 60 disko baino gehiago grabatu ditu eta 1984tik Bilbon bizi da. 1985etik 1991ra Tete Montoliuren laukotean jo zuen eta beste artista batzuekin ere aritu da elkarlanean, esaterako, Gerry Mulligan eta Kenny Drewrekin. Halaber, pop, rock eta flamenko artista desberdinekin ere lan egin du (Orquesta Mondragón, Mecano, Miguel Ríos, Manzanita).

Getxon, Olejniczakek Michal Tokaj (pianoa), Michal Baranski (baxua) eta Jim Doxas (bateria) izango ditu lagun. Laukoteak ‘Interpretando a Chopin’ proiektua eskainiko du. Egitasmoak konpositore erromantikoaren zenbait pieza hartzen ditu abiapuntu armoniak inprobisazioaren alorrera eramateko.

Bestalde, Bill Evans estatubatuarra ekainaren 30ean arituko da, laukote formatuan, Dean Brown gitarra jotzaile frantsesarekin batera. Keitch Carlock bateria jotzaileak eta Etienne Mbappe baxu jotzaileak osatzen dute laukotea. Egungo eszenaren saxo jotzaile ospetsuenetarikoa da Evans eta 22 urte baino ez zituela Grammy sarietarako izendatu zuten ‘Soulgrass’ diskoari esker. Miles Davisen bandan jardun zuen 1980eko hamarkadan eta izen handiko talde eta musikariekin aritu da, esaterako, John McLaughlin, Mahavishnu Orchestra, Herbie Hancock, Lee Ritenour eta Steps Aheadekin. Proiektu honetan Dean Brown du kide, energiaz beteriko gitarrista eta jazz fusion estiloaren maisua.

Chucho Valdes

Azkenik, Chucho Valdes pianista kubatarra Biotz Alai plazako agertokira igoko jazzaldiaren azken egunean. Valdes itzal handiko izena da jazz afro-kubatar modernoaren arloan. Zortzi Grammy sari irabazi ditu eta hainbat urtez bere maisutasuna erakutsi du genero anitzetan: jazza, musika klasikoa, herri musika.

Munduko piano-jotzaile onenetariko bat omen da, eta oso gaztea zela nabarmendu zen jazz eszenan. Musika jardueraz gain, lan pedagogiko handia egiten du, mundu osoan hitzaldiak eta ikastaro magistralak ematen dituelarik. Getxon, Gaston Joya kontrabaxu jotzailearekin, Rodney Barreto bateria jotzailearekin eta Yaroldy Abreu perkusionistarekin ariko da.

Guztira 17 saio izango dira ekainaren 28tik uztailaren 2ra Getxon.

Getxoko Jazzaldirako sarreren salmenta maiatzaren lehenengo astean hasiko da, ohiko salmenta guneetan: Kutxabankeko orotariko kutxazainetan, bankuaren webgunean, Algortako Kultur Etxean eta 94 491 40 80 telefonoan (Kultur Etxea).