NAIZ
ERRENTERIA

«Amnistiaren aldeko aste odoltsuaren» 40. urteurrena oroituko dute Errenterian

Duela 40 urte Errenterian ospatu «Amnistiaren aldeko aste odoltsua» izango dute gogoan herrian maiatzaren 8tik 14ra bitartean. Hala, oroimen ospakizunetarako antolatu duten egitarauaren berri eman dute Kalera Kalera dinamikako lagunek.

Kalera Kalera dinamikako lagunak, agerraldian. (NAIZ.EUS)
Kalera Kalera dinamikako lagunak, agerraldian. (NAIZ.EUS)

Kalera Kalera ekimena bultzatzen duten lagunek agerraldia egin dute Errenterian igande eguerdi honetan maiatzaren 8 eta 14 bitartean «Agur eta ohore. Omenaldirik onena, bakea eta askatasuna irabaztea» lelopean burutuko dituzten ekimenen berri emateko.

Duela 40 urte herrian jazotako gertaerak gogoratuz ekin diote agerraldiari. Hala, 40 urteren ostean gatazkaren konponbide integrala aldarrikatu dute, baita eta Rafael Gomez Jauregi, Jose Luis Cano eta Gregorio Maritxalar gogora ekarri ere.

«Aukera berriak ireki dira azken hilabete hauetan. Estatuek desarmearen urratsa ezinezkoa bihurtu nahi zuten hortik bestelako aukerak zapuzteko eta euskal jendartetik elkarrekin sustatu zitezkeen urratsak eman gabe usteltzeko», adierazi dute. Hori, baina, ez dela onargarria gaineratu dute.

Hala, «urrats ugariz osaturiko bidea» jorratzeko deia egin dute, giza eskubideen errespetua irabazi asmo duen bidea. Hor kokatu dituzte sakabanaketaren amaiera eta preso gaixoen etxeratzea, besteak beste. Hori hala, aurrerantzean «bakearen aldeko artisautza ugari» beharko dela aldarrikatu dute.

«Duela 40 urte amnistiaren aldeko aldarriak indar osoz planteatu zuen espetxeak hustutzeko beharra zegoela. Egun eraiki nahi dugun bakea, bake oso, justu eta iraunkorra, espetxeak hustutze horren premia beharrean dago», azpimarratu dute.

Amnistiaren aldeko aste odoltsuaren 40. urteurreneko egitaraua:

Maiatzak 8: Argazki erakusketaren irekiera tabernetan zehar

Maiatzak 9: Hitzaldia 19.00etan Reina aretoan. 1977-2017 bilakaera.

Maiatzak 11: Bisita gidatua herriko kaleetatik 18.30ean Herriko Enparantzatik abiatuta.

Maiatzak 12: Dokumental emanaldia Gaztetxean, 22.00etan.

Maiatzak 13: Manifestazio nazionala 17.00etan Herriko Plazatik abiatuta.

Maiatzak 14: Urdaburura mendi martxa, 9.30ean Susperregitik

Maiatzak 27: Bazkari herrikoia Egi-Luze sagardotegian.