@gara_miantzi
Errenteria

Autonomoek beren zorra putre funtsen baldintza beretan erosteko aldarria Sabadell bankuan

Josean Sanchez autonomoa da. Bertze hainbatek bezala, bere lantegi txikia ireki eta aberastasuna eta lanpostuak sortu ditu urteetan, krisia iritsi eta bere igeltserotzako familiako enpresa aurretik eraman zuen arte, lantegia soilik ez, etxea ere arriskuan jarriz. Baina adineko bere amarekin bizi den Joseanek tinko dio: «Ez gaituzte botako». Errenteriako Sabadellen aitzinean agertu da gaur, kide den Etxegabetzeak Stop plataformarekin, hainbat herrikiderekin eta Udaleko eta Batzar Nagusietako ordezkariekin, banketxeari aukera bat eskatzeko.

Josean Sanchez autonomoa Etxegabetzeak Stop plataformarekin, Sabadell bankuaren aurrean, Errenterian. [Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS]
Josean Sanchez autonomoa Etxegabetzeak Stop plataformarekin, Sabadell bankuaren aurrean, Errenterian. [Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS]

Errenteriako Sabadell bankuaren aitzinean zalaparta sumatzen zen gaur. Ehun bat lagun bildu dira, herritar, Etxegabetzeak stop plataformako kide eta instituzioetako ordezkarien artean. Protagonista, nahiz eta bera deseroso sentitu paper horretan, Josean Sanchez da, plataformako partaidea, bertzeen eskubideen alde borrokatzera ohitua. «Oraingoan niri tokatu zait», dio.

Familiako enpresa txiki bat eraman du urteetan, igeltserotzarekin lotua, baina 2008an krisiak gogor kolpatu zuen sektorea eta dena galdu zuen Joseanek. Autonomoa denez eta bere hipoteka enpresa txikiaren bidez lortu zuenez ezin izan da kontsumitzaileen legedian babestu. Enpresa handien zaku berean sartu dute eta «era guztietako abusuak» sufritu ditu, partikular bat izan arren.

Elkarretaratzean, «Bai, ahal dugu» eta «Sabadell, lapurra» oihuen artean azaldu dutenez, banku hau urtetan aberastasun eta enplegua sortu eta ogasun eta segurtasun soziala ordaindu dituen herritar zintzo batekin gogorra eta zorrotza den bitartean, «sozietate piratei» mailegu paketeak saltzen ari da «kopuru barregarrien truke, zordunek ordaindu ahalko lituzketen kopuruengatik, aukera balute».

«Nola sal diezaioke banku honek zor bat bere balioaren %5agatik putre funts bati eta Joseani eskaintza bera ez egin?» jakin nahi dute Sabadellen aurrean bildutakoek, tartean Udaleko EH Bilduko eta Irabaziko kideak (alkatea ere etortzekoa zen, nahiz eta azkenean ezin izan duen prentsaurrekoa zuelako), Pasaiako zinegotziak, Batzar Nagusietako EH Bildu eta Podemoseko ordezkariak, sindikatuak eta eragile gehiago.

«Ez diegu utziko. Putre funts horien baldintza beretan erosteko aukera nahi dugu Joseanentzat», adierazi dute, eta, Sabadellek arrazoizko denbora baten buruan erantzuten ez badu, itzuliko direla agindu dute, ekintza irmoago bat egiteko.