Jon Ormazabal
Bilbo

Urrutikoetxeak bosgarren aldiz jarraian jokatuko ditu finalerdiak (22-13)

Sakean Ezkurdiak baino askoz gehiago asmatu du zaratamokoak eta, oso partida txukuna jokatuta, Oinatz Bengoetxea izango du arerio finalerako txartela eskuratzeko Labriten jokatuko den lehian.

Urrutikoetxea igaro da finalerdietara. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)
Urrutikoetxea igaro da finalerdietara. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)

Mikel Urrutikoetxeak ez du hutsik egin eta bosgarren urtez jarraian Buruz Buruko txapelketaren finalerdiak jokatuko ditu Joseba Ezkurdiari uste baino errazago, 22-13, irabazita.

Zaratamokoa inoiz, edo ia inoiz bederen, huts handirik egiten ez duen pilotari horietako bat da eta gaurkoan ere, oso partida txukuna jokatuta, ez dio inolako aukerarik eman iaz gauzak horren zail jarri zizkion pilotariari.

Lehen sei tantoetan baino ez da orekarik egon Bilbon jokatutako partidan. Hirunako berdinketaren ondoren, Urrutikoetxeak alde polit bat lortu du markagailuan eta arazorik gabe kudeatu du abantaila hori partida amaieraraino. Saketik hasita, dena egin du ondo bizkaitarrak eta pilota ezker paretara bilduz eta tokatu zaionean sufritzen jakinez, argudiorik gabe utzi du Joseba Ezkurdia.

Sakatzaile aparta da Arbizukoa, baina gaur ez du batere asmatu jokaldi horrekin eta hortik joan zaizkio lehen aldiz finalerdian egoteko aukerak. Tantoa alde zuen askotan ere ez du behar bezala amaitzen asmatu eta aurkariak inolako erraztasunik eman ez dionez berriz ere finalerdien atarian amaitu da bere aurtengo ibilbidea.