NAIZ
DONOSTIA

Donostiarrek erabakiko dute nork jasoko duen Urrezko Danborra

Donostiako Udaleko Bozeramaileen Batzordean behin behineko akordioa lortu du Urrezko Danborra emateko prozedura aldatzeko. Sariduna nor izango den herritarrek erabakiko dute, aurkeztu diren proposamenen artean udal taldeek hautagaiak aukeratu ondoren.

2016ko Urrezko Danborra Cristina Iglesiasek jaso zuen. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)
2016ko Urrezko Danborra Cristina Iglesiasek jaso zuen. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Donostiako Bozeramaileen Batzordeak gaur goizean egin duen bileran Urrezko Danborra emateko prozedura aldatzeko behin behineko akordioa lortu du, Udalak ohar batean jakinarazi duenez.

Azaldu duenez, behin iritziak jaso eta hainbat bileratan udal-taldeetako bozeramaileen hausnarketak partekatu ondoren, udal taldeek saritua aukeratzeko prozeduraren oinarrien gaineko akordioa lortu dute. Ekainaren 15ean egingo duten bileran onartuko dute behin betiko akordioa.

Horrenbestez, prozedura honelakoa izango da: hiriko elkarteek zein herritarrek proposamenak egin ahal izango dituzte eta horretarako hilabeteko epea izango dute, orain arte bezala. Behin epe hori bukatuta, ez da beste proposamenik onartuko eta aurkeztu direnak Udalaren zerbitzu teknikoei bidaliko zaizkie, «ordenatzeko eta Bozeramaileen Batzordeari aurkeztuko zaizkien espedienteak prestatzeko». 

Espedienteak aztertu ondoren, udal taldeen bozeramaileek hiru eta bost hautagai artean aukeratuko dituzte, eta horietako bat izango da sariduna. Donostiarrek hautatuko dute nor izango den Urrezko Danborra, boto bidez. Presentziala nahiz telematikoa izango da eta boto gehien eskuratzen duen hautagaiak jasoko du saria. Betiko legez, udalbatzak berretsi egin beharko du.

Aurten Urrezko Danborra hutsik geratu da. Angels Barcelo kazetari katalana proposatu zuen Donostia Turismo erakundeak baina hautaketa horrek hautsak harrotu zituen eta PSEren babesa besterik ez zuen jaso izendapena berresteko egin zen udal bilkuran. Hori dela-eta, saria eman gabe geratu zen.