NAIZ
DONOSTIA

Txillardegiren lan guztiak digitalizatu ditu Jakinek

Jose Luis Alvarez Enparantza «Txillardegi» zenaren idazlan guztiak katalogatu eta digitalizatu egin ditu Jakinek. Orotara 2.000 lan dira.

Txillardegiren lanaren digitalizazioaren aurkezpena. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)
Txillardegiren lanaren digitalizazioaren aurkezpena. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

Txillardegik, bizi zen artean, 55 urtetan zehar argitaratu zuen: lehen argitalpena 1956koa da, eta azkena 2011koa. Guztira 1.634 idazlan katalogatu dira.

Hizkuntzalari, pentsalari eta idazle donostiarraren obraren digitalizazioaren berri eman dute Lorea Agirre eta Joan Mari Torrealdai Jakineko zuzendari eta lehendakariak; Joxe Azurmendi Jakinkideak eta Mari Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendariak, Donostian egin duten agerraldian.

Liburuei dagokionean, Txillardegiren 40 lan katalogatu dira. Tartean dira, besteak beste, batetik, Txillardegiren literatur lan nagusiak (eleberriak, ipuin bildumak, saiakerak eta artikulu bildumak) eta, bestetik, euskararen eta hizkuntzalaritzaren inguruan idatzitako lan nagusiak.

Honekin batera, Txillardegiren 1.352 artikulu katalogatu dira, 44 egunkari eta aldizkarietan idatzitakoak. Egindako 46 itzulpen lanak katalogatu dira ere, itzulpenak, berredizioak eta bereziekin batera.

Egitasmo hau Txillardegiren lan argitaratuak biltzera bideratuta egon arren, egilearekin lotutako beste material garrantzitsu batzuk ere katalogatu eta digitalizatu dira: Txillardegiri buruz beste egileek idatzitako lanak, hain zuzen ere. Atal honetan ez dute exhaustibitatea bilatu, mamitsu eta interesgarrienak inguratzea baino. Alor honetan 350 lan katalogatu dira.

Orotara 2.000 lan dira eta http://www.jakin.eus/txillardegi helbidean jarri dituzte nahi dituenaren eskura.

Hizkuntzalari, pentsalari eta idazle donostiarraren obraren digitalizazioaren berri Lorea Agirre eta Joan Mari Torrealdai Jakineko zuzendari eta lehendakariak; Joxe Azurmendi Jakinkideak eta Mari Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendariak eman dute, Donostian egin duten agerraldian.