NAIZ
IRUÑEA

Errefuxiatuek Melillan pairatzen duten egoera salatuko du Mugak Zabalduz Karabanak

Iaz Greziara joan ziren bezala aurten Euskal Herriko eragileak (beste herrialdetakoekin batera) Melillako mugaraino joango dira Europako Batasunak errefuxiatuekiko duen politika salatzeko asmoaren. Irteera uztailaren 14ean izanen da eta Bardeetan geldialdia egingo dute. Hilaren 17an helduko dira Melillara.

Errefuxiatuak Mellillako hesian. (Alexander KOERNER)
Errefuxiatuak Mellillako hesian. (Alexander KOERNER)

Orain dela urtebete abiatu zen Grezia aldera “Mugak zabalduz” karabana; bidaia hartan, ehunka pertsona, Euskal Herritik eta Estatu osotik etorriak, “Europako migrazio- politikek eta mugen kontrolak migratzaileen eta errefuxiatuen bizitzan dituzten ondorio dramatikoak” salatzen ahalegindu ziren. Egun haietan, albiste zen Siriako gerratik ihesi aterpe seguru baten bila Grezian harrapatutako jendeak sufritzen duen krisi humanitarioa.

Esperientzia hori kolektibo parte-hartzaileen arteko lotura indartzeko balio izan zuen, zeinak oraingoan Europako hegoaldeko mugara helduko den karabana bat antolatzen ari diren. Karabana uztailaren 14an abiatuko da, eta Melilla du jomuga. Karabana berri honen helburua da «ihesi datozen milioika pertsonen eskubideak errespeta daitezen eskatzea; hain zuzen ere, Europako, Espainiako eta Euskal Herriko gobernuek eta enpresek elikatutako gerretatik ihesi datoz, gosetik, pertsonen salerosketatik eta trafikotik, aldaketa klimatikoren ondorioetatik eta mota askotako jazarpenetik eta biolentziatik (hala nola, esplotazio sexuala egiteko helburuz izaten den nesken eta andreen salerosketa, indarkeria matxista, orientazio edo identitate sexualagatik egiten dena, eta abar)».

Antolatzaileek sinatutako manifestuan aipatzen duten bezala, helburua da «migrazio- eta asilo-politikak salatzea, azken 30 urteotan nabarmen urratu baitituzte giza eskubideak eta nazioarteko konbentzioak eta akordioak».

Karabana berriak eztabaida publikoaren erdigunean jarri nahi ditu «egoera onartezinak», hala nola Ceutako eta Melillako hesi kontzertinadunak, «beroan» egindako legez kanpoko kanporaketa, Frontexen kontrol-politikak, Europako Batasunaren eta Espainiako gobernuak Europan asilo eta aterpe bila datozenei uko egitea, Mediterraneoan hiltzen den jende piloa, asilo-prozedurari jartzen zaizkion etengabeko trabak edo mugak externalizatzeko politika, giza eskubideak urratzen dituzten herrialdeekiko hitzarmenen bidez egiten dena (Maroko, Turkia edo Libia).

Antolatzaileek Europan gero eta handiagoa dela xenofobia salatzen dute, eta egiaztatzen dute errefuxiatuen eta migratzaileen duintasuna defendatzeko prest daudela, pertsonarik zaurgarrienak baitira, bai eta mugak gurutzatzearen zain daudenei itxaropen- eta elkartasun-mezu bat helarazteko ere.