NAIZ
GASTEIZ

EITBren independentzia bermatuko duen eredua defendatu du EH Bilduk

EH Bilduk EITBren erreformarako ponentzian landuko duen proposamena aurkeztu du Legebiltzarrean. Koalizioaren aburuz, ponentziak lege berri baten onarpenarekin amaitu beharko lituzke lanak 2019ko ekainean, «betiere irrati eta telebista publikoen independentzia bermatzeko eta euskararen normalizazioan aurrera egiteko».

Unai Urruzuno eta Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkideak. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Unai Urruzuno eta Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkideak. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Jasone Agirrek eta Unai Urruzuno legebiltzarkideek aurkeztu dute EITBren erreformarako ponentzian koalizio abertzaleak landuko duen proposamena.

EH Bilduren aburuz, ponentziak EHUk –Legebiltzarrak hala eskatuta– proposatu zuen metodologiari jarraitu behar dio, «etorkizuneko EiTBren diseinuan inplikaturik dauden eragile guztiek parte hartzeko aukera izan dezaten, bai ikus-entzunezko sektoreak bai sektore akademikoak bai EITBko langileek beraiek».

Ponentzia lege berri baten onarpenarekin bukatu beharko lituzke bere lanak, Agirre eta Urruzunoren arabera. «Egungo ereduan alderdi politikoek gehiegizko pisua dute eta eredu independienteago bat nahi dugu, organo berriak sortu beharko ditugu, egungo Administrazio Kontseilua eta Legebiltzarean dagoen EITBren Kontrolerako Batzordeak gaindituko dituztenak».

Independentzia ziurtatzeko, lege berriak barne promozioa bermatu beharko lukeela azpimarratu du EH Bilduk. «Gaur ez dago ardura karguetara iristeko modu objektiborik, hierarkia atzamarrez izendatzen delako», adierazi dute eta azaldu egun EITBk 1.000 langile dituela eta horietatik 140 izendapen askeko karguak direla, «atzamarrez jarrita».

Halaber, EH Bilduk nahi duen legeak «euskararen normalizazioan aurrera egitea ekarriko luke, hizkuntzen araberako kanalen banaketa gaindituta». «Medioak kontsumitzeko modua izugarri aldatu da azken urteotan eta EITB ere kontsumo forma berrietara egokitu behar da, kanalen banaketa tematikoa eginez, kanalak gaien arabera antolatuz eta ez hizkuntzen arabera», zehaztu dute.