NAIZ
DONOSTIA

Kultur sistema publikoak emango dio jarraipena Donostia 2016k utzitako ondareari

Euskal erakunde publikoek –Donostia 2016 Fundazioaren berezko patroiek– eta kultur sistema publikoak hartuko dute beren gain Europako Kultur Hiriburutzaren oinordetza, 50 proiektu baino gehiago kudeatuta.

Donostia 2016ren ondarearen eta hura kudeatzeko planaren aurkezpena. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Donostia 2016ren ondarearen eta hura kudeatzeko planaren aurkezpena. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Donostiako Udalean eginiko agerraldi batean Kultur Hiriburutzaren ondarea aurkeztu eta aurrerantzean hura kudeatzeko ardura nork hartuko duen azaldu dute. Han izan dira, besteak beste, Donostia 2016ko zuzendaria, Pablo Berastegi; Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politikarako Lakuako sailburua; Markel Olano, Gipuzkoako ahaldun nagusia; eta Eneko Goia, Donostiako alkatea.

Hiriburutzaren harira martxan jarritako 50 bat proiektuk jarraitzea aurreikusita dagoela azaldu dute. Zenbait erakusketa, lan eta ekoizpenei ere eutsiko diete.

Azaldu dutenez, iazko udazkenaz geroztik, Donostia 2016ren proiektua zein hautagaitza aurkeztu zituztenean jarritako «helburu nagusien jarraitutasuna» bermatzeko planean aritu dira lanean erakunde publikoak eta Donostia 2016 Fundazioa.

Modu honetan, Fundazioaren estatutuen 3. artikuluak xedatutakoa betetzen dela azpimarratu dute, hain zuzen, «ondarea ziurtatzea eta lekukoa eta eskuratutako ikaskuntzak hirian eta lurraldean lan egiten duten egiturei eta profesionalei helaraztea».

Donostiako Udalak, Aldundiak eta Lakuak prestatutako plan horretan 14 jardun-esparru bereizi dituzte: bizikidetza eta giza eskubideak, gastronomia, hizkuntza-aniztasuna, ingurumena edo Euskadi-Akitania kultur eremua indartzea, besteak beste.

Erakundeak

Hainbat esparrutan jarduera eta eragina duten kultur zentroek, agentziek eta instantzia publikoek hartuko dituzte oinordetzan Donostia 2016ren proiektu gehienak. Horrez gain, kulturaren alorrean jarduten duten zentroak eta erakundeak ere badaude planean.

Aieteko Giza Eskubideen Baliabide Pedagogikoen Zentroak zuzenduko ditu bizikidetza eta giza eskubideekin zerikusia duten proiektu batzuk, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuarekin, Lakuako Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusia eta Elkarbizitza eta Gipuzkoako Aldundiko Giza Eskubideen zuzendaritzarekin elkarlanean.

Hainbat erakundek (Zinemaldia, Musikene, Koldo Mitxelena, Udal Musika eta Dantza Eskola, Albaola edo Basque Culinary Center) iaz ere elkarlanean aritutako proiektu ugaritan esku hartuko dute.

Beste erakunde batzuek ere izango dute funtsezko eginkizuna ondarearen fase honetan, hala nola Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Etxepare Euskal Institutuak, Emakundek, Cristina Enea Fundazioak, Gordailuak edo Mintzola Fundazioak.

50 proiektu baino gehiago

Bizikidetza eta giza eskubideekin lotuta, segida izango dute Adiorik gabe, Antzerki foruma: Eta hik zer?, Tira-birak eta Ehunberri deitutako proiektuek, besteak beste, eta horiekin batera, Europa Transit enbaxada mugikorraren dokumentalak oinarri hartuta sortutako material pedagogikoek eta Zinemaren eta eskubideen Europa nazioarteko topaketek ere izango dute jarraipena; azken horiek Giza Eskubideen Zinemaldiaren barruan.

Aniztasunaren sustapenari dagokionez, berriz, jarraitu egingo dute Herri zahar, andre berri, Kontukontanitz edo Break a Leg! proiektuek, bai eta Baitara Baita proiektuak ere; Pedro Arrupe Institutuak eta Donostiako Udalaren Kultur Aniztasunerako Bulegoak babestuko dute azken proiektu hori, erlijio-aniztasunari buruzkoa.

Sormena eta gizartea ahalduntzeko lanean arituko dira aurrerantzean ere Olatu Talka, Hirikilabs, Ondarebideak edo Donostiapedia proiektuen bitartez. Horrelakoei Energia-olatuak lerroa ere gehituko zaie, Gipuzkoako Aldundiaren Kultura Sailak hartuko baitu bere gain. Proiektu jakin batzuetan eutsiko zaie, orobat, Hiriburutzari esker Donostia sartu ahal izan den kultur arloko Europako sareei, bereziki Europako Kultur Hiriburuen sareari. Hori horrela, jarraipena izango dute honako ekimen hauek: Joan Etorriak eta Other words, Donostia Kulturaren esku geldituta; Corners of Europe, Tabakalerak kudeatuta, eta Chejov vs Shakespeare, Etxepare Institutuak zuzenduko duena.

Gipuzkoako Aldundiak, Donostia Kulturak eta Udal Musika Eskolak beren gain hartuko dituzte Europa bat-batean, Jazzaldiaren eta Europako jaialdien arteko lankidetza eta EMusik, hurrenez hurren.

Kontseilua, UNESCO Etxea, Soziolinguistika Klusterra eta Topagunea, berriz, proiektu hauek utzitako ondareez arduratuko dira: Hitzargiak, Tosta, Hizkuntza Aniztasunaren Foroa eta Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa.

Hiriburutzaren ondareak esparru ugarirekin zerikusia duten hamaika proiektu gehiagori emango die segida. Berriak lerroa (sormena eta talentu gazteak sustatzeko Hiriburutzaren apustu sendoa) ez da amaituko Ikusmira berriak, Itzultzaile Berriak, Antzerkigintza berriak eta Komisario berriak proiektuei esker. Horiekin batera, Labore eta Mugalariak proiektuek ere jarraituko dute. Azken horrek, Kimuk eta Hiriburutzak Mugaz gaindiko Koreografia Zentroarekin izandako lankidetzek bezalaxe, aurrerantzean ere sendotuko dute Iparraldearekiko kultur lankidetza.

Beste proiektu batzuen jarraipena ere aurreikusita dago, Hidrologikak, Arkitektura: film-mintzairak eta Sukaldean sortzaile proiektuena, besteak beste.