NAIZ
IRUÑEA

AHTren aurkako margoketa erraldoia egin du Mugitu! taldeak Castejon eta Albesbes artean

Castejon eta Alesbes artean, Abiadura Handiko Trenaren (AHT) aurkako 90 metro luze eta 10 metroko zabalerako margoketa erraldoia egin du Mugitu! mugimenduak.

«AHT-TAV Stop» leloarekin margoketa handia eginda, Mugitu! mugimenduak ohartarazi du «bi urte eta erdiz geldirik egon ondoren», Abiadura Handiko Trenaren «munstroak esnatzearekin» mehatxu egiten duela.

Taldeak salatu du «UPN-PP-PSOE osatzen duten erregimenaren» interes ekonomiko eta politikoek, azpiegitura honi dagokionean, Geroa Bai alderiarenen «parekoak» direla.

«Bitxia litzateek Espainiako lehen AHTren 25. urteurrenean nafar AHTri berriz ere argi berdea ematea», nabarmendu dute, eta gogoratu urteotan «begibistan zera gelditu dela: atentatu larrienetako bat dela, ohiko trenaren etsai amorratuena dela, murrizketa sozialak areagotzen dituen hondamendi ekonomiko latza dela, ustelkeria iturri agortezina dela» eta, horrez gain, «inongo parte-hartzerik ezta ikerketarik gabea» ere badela gaitzetsi dute.

Mugitu! taldearen aburuz «egoera latza» da eta, gaineratu duenez, «ezin da azpiegitura arloan aldaketa bultzatu, erregimenaren politika garapenzale berberak susatzen badira».

Hori dela-eta, «AHT eta berau bultzatzen duten botere ekonomiko zein politikoei desobidetzeko» deia egin dute.

Era berean, antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko gonbitea egin dute. Bereziki aipatu dute Diputazio Jauregiaren aurrean hilaren 22an AHTren aurkako Nafarroako taldeek 19.30ean egingo duten elkarretaratzea.