NAIZ
BILBO

Guardia Zibilak Liher Aretxabaleta bilbotarra atxilotu du

Liher Aretxabaleta atxilotu du Bilbon Guardia Zibilak, Audientzia Nazional espainolaren aginduz. Ekainaren amaieran epaitu zuten Alde Zaharreko bizilaguna, eta gaur argitaratu da ebazpena.

«Liher auzoan eta libre» aldarrikatzeko agerraldia egin zuten, Bilboko La Bolsa eraikinean, epaiketaren atarian.
«Liher auzoan eta libre» aldarrikatzeko agerraldia egin zuten, Bilboko La Bolsa eraikinean, epaiketaren atarian.

Guardia Zibilak Liher Aretxabaleta Bilboko Alde Zaharreko bizilaguna atzeman du, Auzitegi Nazional espainolak aginduta.

2013an aske gelditu zen, sei urtez preso egon ondoren. Ekainaren 28 eta 29an berriro epaitu zuten eta astelehen honetan argitaratu da ebazpena, atxiloketa gertatu eta gero.

2005ean Madrilen furgoneta bat eztandaraztea leporatuta, 535 urteko zigorrak ezarri dizkiete Aretxabaletari eta beste auzipetuari, Estatu frantsesean preso dagoen Alaitz Aramendiri.

«Liher auzoan eta libre» dinamikak salatu zuenez, epaiketak «gatazkaren konponbidearen bidean beste kolpe bat» suposatu zuen.

Sortu: «Kartzelak husteko garaia da»

Ohar baten bitartez, Sortuk gogor salatu du Guardia Zibilak Bilbon eginiko atxiloketa hau, «bakea eta normalizazioa lortzeko lanean ari garen guztiontzat kolpea» izan dela nabarmenduz.

«Sortuk, Euskal Herriko gehiangoak bezalaxe, barneratuta dauka kartzelak husteko unea dela, ez betetzeko». Hori dela eta, gainerako eragileekin batera presoen auzia «behin betiko konpontzeko borondate eta determinazioa» berretsi du.

«Mendeku gose aseezina erakusten ari da Espainiako Erresuma. Euskal jendartea konponbidearen alde pausoak ematen ari den bitartean, estatuko aparatuek estrategia errepresiboa eta salbuespen politikak aplikatzen ari dira, nola edo hala gatazka mantentzeko», gaineratu du ezker abertzaleko alderdiak.

Aretxabaletari eta haren senide eta lagunei elkartasuna adierazteaz gain, deituko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du.

Hain justu, Aretxabaletaren atxiloketa salatzeko manifestazioa egin dute gaur Alde Zaharreko kaleetatik.

Biharko beste bi zita bat jarri dituzte: 20.00etan manifestazio bana aterako baita Bilboko Plaza Biribiletik eta Lekeitioko Eskolapetik.