NAIZ
DONOSTIA

Edesaren asmoa «arbuiatu» du enpresa batzordeak, 350 lanpostuei eustea «posible» dela iritzita

Garagartzako lantegiaren (Arrasate) itxiera eta beharginen erdia baino gehiagoren kaleratzea aurreikusten duen bideragarritasun plana «arbuiatu» du Edesa Industrial-Geyser Gastech-eko enpresa batzordeak. Plan hori atzoko bileran zuzendaritzak esandakoarekin bat ez datorrela azpimarratzeaz gain, egungo 350 lanpostuei eustea «posible» dela uste dute langileen ordezkariek.

Edesako langileen elkarretaratzea, Garagartzako lantegian. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)
Edesako langileen elkarretaratzea, Garagartzako lantegian. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)

Ohar baten bitartez, atzo Edesa Industrialeko zuzendaritzak hartutako erabakia «erabat» arbuiatu du enpresa batzordeak, aurkeztutako bideragarritasun plana ez baitator bat beraiekin izandako bileran esandakoarekin.

Izan ere, Edesa Industrialen zuzendaritzak planteatutako bideragarritasun planak Garagartzako lantegiaren itxiera eta langileen erdia baino gehiagoren kaleratzea –350etik 130-160 geldituko lirateke– aurreikusten du, baina atzo beharginen ordezkariekin eginiko bileran ez zuten asmo hau aipatu.

«Jarrera honekin hastea ez da batere egokia 350 pertsonen etorkizuna jokoan denean», nabarmendu du enpresa batzordeak.

Langileen ordezkariek gogoratu dute atzoko bileran adostu zutela –aktak ere zabaldu dituzte– garbiketako lerroko 30 kontraturen iraungitzerako Enplegu Erregulaziorako Espedientea atzera botatzea eta Fagor-CNA enpresarentzat proiektu berri bat sortzeko helburuarekin mahai bat eratzea, «betiere enplegua eta etorkizunerako bermeak oinarri hartuta».

Mahai hartan, Lakua eta Fagor S.Coop ere egon beharko luketela uste du enpresa komiteak eta bertan 350 pertsonentzako proiektu baten eraikuntza defendatuko dute, «posible» dela ulertzen baitute.