NAIZ
PARIS

Bere laugarren Tourra irabazi du Chris Froomek

Hiru aste eta 21 etapa; amaitu da Tourra. Dylan Groenewegen herbeheretarrak irabazi du Parisko azken etapa, eta Chris Froome britainiarra izan da sailkapen nagusian hoberena, bere laugarren Tourra eskuratuz. [Lasterketaren xehetasunak]

Chris Froome, ondoan Mikel Landa duela. (Jeff PACHOUD/AFP)
Chris Froome, ondoan Mikel Landa duela. (Jeff PACHOUD/AFP)

Txirrindularitzako handienen parera ari da iristen Chris Froome britainiarra bere laugarren Tourra irabazi ostean. Hirugarrena du jarraian, eta aurtengoa izan da orain arte gehien kostatu zaiona; 54 segundotako aldea baino ez dio atera sailkapen nagusian bigarrena izan den Rigoberto Urani. Hirugarrena, berriz, Romain Bardet izan da, 2'20''-ra.

21 jardunaldiren ostean, Parisen amaitu dute lehiaketa txirrindulariek. Ohikoa denez, esprintean amaitu da etapa eta Dylan Groenewegen herbeheretarra izan da bizkorrena, Andre Greipel eta Edvald Boasson Hagenen aurretik.

Froome izan bada sailkapen nagusiko irabazlea, Warren Barguilek eraman du mendiko mailota, Michael Matthewsek esprintetakoa eta Simon Yates izan da gazteen artean hoberena.

Euskaldunen artean ere bada zer aipaturik. Mikel Landa laugarren sailkatu da sailkapen nagusian, hirugarrenarengandik segundo bakar batera. Beste Mikel batek ere, Nievek kasu honetan, lan eskerga egin du Froomek Tourra irabazi zezan. Eta ezin aipatu gabe utzi Haimar Zubeldia: 16 Tour egin ostean datorren larunbatean esango dio agur txirrindularitzari Donostiako Klasikoan.

Nahi eta izan ez direnen artean dago Ion Izagirre. Bahrain Merida taldeko lider gisa iritsi zen ormaiztegiarra Tourrera, baina lehenengo etapan erorikoa izan eta lasterketa utzi beharrean suertatu zen.

Errepasatu NAIZ-en webgune berezian Tourrak eman duen guztia.