NAIZ

Bi irundar hil dira Tarragonan izandako auto istripu batean

40 eta 14 urteko bi irundar zendu dira Tarragonan izandako auto istripu batean. Hauen autoak parez-pare jo du bidaiaririk gabe zihoan autobus baten aurka. Beste bi zauritu ere badaude, larriki biak.

Istripuaren ostean errepideak hartu duen itxura. (@bomberscat)
Istripuaren ostean errepideak hartu duen itxura. (@bomberscat)

Kataluniako Trafiko Zerbitzuak adierazi du igande goiz honetako 7.30ak aldera istripu bat jazo dela C-14 errepidearen 20,8. kilometroan, Alcover (Tarragona) parean. Oraino argitu gabe dauden arrazoien ondorioz, auto bat eta autobus batek parez-pare jo dute.

Kolpearen ostean, furgoneta batek ezin izan du geratu eta istripua izan duten bi autoen aurka jo du.

Hala, bi irundar hil dira istripuan: 40 urteko gizonezkoa bata eta bere semearen 14 urteko laguna bestea. Hirugarren zauritua gidariaren semea da eta auto berean zihoan; laugarrena, berriz, autobuseko gidaria da.

Mossoen zortzi patruila bertaratu dira istripua jazo den gunera, Generalitatearen sei anbulantzia eta Larrialdi Zerbitzuen beste hiru. Zaurituak Tarragonako Joan XXIII ospitalera eraman dituzte.

Istripuaren ondorioz, Salou (Tarragona) eta Adrall (Lleida) lotzen duten bidea itxi behar izan dute bi noranzkotan 11.25ak arte. Ordurako egin beharrekoak egin eta zirkulazioa zabaldu dute berriro.