NAIZ

Hamaika Telebistaren eremu berria, NAIZen baitan

NAIZen plataformaren baitan espazio propioa izango du aurrerantzean Hamaika Telebistak. Hamaika.naiz.eus webgunean telebistak egunerokoan ekoitzi ohi dituen edukien aukeraketa eta propio gune honetarako sortutakoak jasoko dituzte.

(Hamaika Telebistaren zuzeneko emisioa, goian)

NAIZen menu nagusian eremu berri batera darama gaurdanik 11TB botoiak, hamaika.naiz.eus gunera, hain zuzen ere. Hamaika Telebistak eremu berri bat abiarazi berri du NAIZen plataformaren baitan, «lehio berri bat ireki dugu», diote telebistatik. 

Gune honetarako sortutako eduki zehatzak, esklusiboak, izango dira eremu berri honetan eta baita Hamaika Telebistak ekoitzi ohi dituen eduki nagusiak ere. Zuzeneko emisioa jarraitu ahalko da, gainera.

Erronka berriei helduta dator Hamaika Telebistaren proiektua, urte hasieran eguneroko informazioari heldu zioten berriz ‘Gurean gaur’ albistegiaren bidez eta zuzeneko bereziekin. Udaran ere apustu horri segika ekin diote albistegi saio honen udako egokitzapenarekin. Zuzenekoak garrantzia berezia izango du uda tarte honetan, sanferminetan izan ziren eta Hatortxu Rock jaialdian eta Bilboko Aste Nagusian izango dira saio bereziak, besteak beste. Irailetik aurrera, gainera, urrats berriak eman asmo ditu Hamaika Telebistak. 

Garaira loturik

«Jakitun gara egun ez dugula soilik pantaila bakarra kontuan hartu behar», diote Hamaikatik, «ikus-entzunezko edukiak kontsumitzeko era ugari daudela». Horregatik, «apustu handia» egiten ari direla diote «sare sozialetako edukiak indartzen eta elkarlanari espazioa eskaintzen».