@belastegi
Donostia

Sarek datozen hilabetetako lanaren oinarriak finkatu ditu

Iraganera, orainaldira eta etorkizun hurbilean eman beharreko pausoei erreparatu die Sarek zortzi puntuko dokumentu batean. Larriki gaixorik dauden presoen askatasuna eta gainontzeko presoen gerturatzea eskatzearekin batera, biktima guztien aitortza aldarrikatu du.

Sareri babesa eman diote ordezkari politiko eta sozialak. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Sareri babesa eman diote ordezkari politiko eta sozialak. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Joseba Azkarraga eta Bego Atxa Sare Herritarraren izenean mintzatu dira gaur goizean Donostiako Aieteko Bakearen Etxean egindako agerraldian. Bertan, asteetan zehar landu duten dokumentua aurkezteaz gain, honen laburpen bat egin dute. Bertara gerturatu dira testuari atxikimendua agertu dioten ideologia politiko desberdinetako hainbat norbanako eta erakundetako ordezkariak.

Azaldu bezala, dokumentuak «garaile eta garaituen eszenatokia behin betiko alboratzea» du helburu bakea eta elkarbizitza behingoz eratzeko. Hala, testua zortzi puntutan banatuta dago eta iraganari begira hasten da, «ez iraganeko egoeretan pausatzeko, iraganean emandako akatsetatik ikasi eta lortu nahi ditugun helburuen norabidean urratsak ematen jarraitzeko baizik».

Bozeramaileek aipatu dute «trantsizio espainiarra borondatezko ahaztura selektiboan oinarritu» dela, ETArekiko memoria zorrotza mantentzen den bitartean, «azken erruduna bilatu eta aurkitu asmoz, nahiz eta modu kolektiboan milaka kartzela urterekin jada ordaintzen ari diren». Zentzu horretan, aipatu dute ez dutela «amnesiak jotako justizia bat nahi», eta beraz, justizia eta politika egoera berriari egokitu behar direla. Horretarako biktima guztiak aitortzea derrigorrezko ikusten dute, guztiek merezi dutelako errespetua eta elkartasuna.

Bestalde, orainaldiari dagokionez, EPPK-k 2013an eragindako mina onartu eta bere gain hartu eta espetxe legedia jarraitzearen erabakia begi onez ikusten dute. Horri jarraiki, Sarek uste du Justizia Trantsizionala aplikatzen hasteko beharrezko urratsak ematen ari dela, gatazka ondorengo egoera batean izanik. Era berean, Sarek txalotu egin ditu euskal parlamentuetan zein espainiar Kongresuan giza eskubideen alde agertu diren ahots berriak.

Aurrera begira

Jarrera baikor horiek ikusirik, lanean jarraitzeko hainbat printzipio biltzen ditu aurkeztutako dokumentuak: memoriaren errelato inklusiboa egitea; biktima guztien erreparaziorako duten eskubidea errespetatzea; arrazoi politikoak direla medio delitua egin eta preso direnak arazoaren parte direla eta, beraz, konponbidearen parte ere izan behar direla onartzea...

Sareren helburuak, baina, harago doaz. Bake eta normalizazio kulturan ekarpena egin nahi du, eta eskatzen du beste behin larriki gaixorik dauden presoak edo oso nagusi direnak aske geratzea, eta gainontzekoak etxetik gertu dauden espetxeetara ekartzea. Salbuespeneko legedia bertan behera gelditzeko eskatzen du, baita beste Estatu batean betetako kondenak kontuan hartzea galarazten duen 7/2014 Legea aldatzea ere. Zigorrak osorik betetzea ezartzen duen 7/2003 legea deuseztea ere aldarrikatzen du Sarek. Bestalde, tortura edo tratu txarrak salatu dituztenen kasuak aztertzea, isolamendu neurriekin amaitzea eta oinarrizko giza eskubideak urratzen dituzten espetxe politikak desagertzea exigitzen du.

Dokumentua aurkezteaz gain, 0km kanpaina urtarrilaren 13ra bitartean indartu egingo dutela jakinarazi dute. Hala, blokeoarekin jarraitzen bada, Euskal Herritik mobilizazioak egiteko prest daudela iragarri dute. Izan ere, «hemendik kanpo ere jakin behar dute gertatzen ari dena». Urtarrileko presoen eskubideen aldeko Bilboko manifestazioarekin batera amaituko den kanpainarekin, espetxeetako informeak egiteko eta Foro Sozialarekin lankidetzan jarraitzeko konpromisoaa hartu du Sarek.