NAIZ
UZTARITZE

38 urteko gizonezko bat atxilotu dute Uztaritzeko hilketarekin zerikusia duelakoan

38 urteko gizonezko bat atxilotu du igande honetan Gendarmeriak Bokalen. Ustez, iragan asteazkenean Uztaritzen jazo zen hilketarekin zerikusia dauka atxilotuak. Samuel Vuelta Simon Baionako prokuradoreak baieztatu du asfixiaz hil zen emakumea bortxatua izan zela.

Eskuak eta hankak lotuta aurkitu zuten emakumearen gorpua. (Aurore LUCAS)
Eskuak eta hankak lotuta aurkitu zuten emakumearen gorpua. (Aurore LUCAS)

Iragan asteazkenean 23 urteko emakume baten gorpua aurkitu zuten Uztaritzen, eskuak eta hankak lotuak zituela. Haurdun zegoen emakumea, eta bere bikotekideak aurkitu zuen gorpua.

Bada, 38 urteko gizonezko bat atxilotu du igande eguerdi honetan Gendarmeriak Bokalen. Bi egun eman ditu poliziak atxilotuaren atzetik, eta hilketaren ustezko egiletzat jotzen dute iturri polizialek.

Gizonezkoa etxegabea da eta ustez ez zuen biktima ezagutzen. Gendarmeriak hasieratik baztertu zuen hiltzailea emakumearen inguruko norbait izatea. Autopsiaren arabera asfixiaz hil zen emakumea.

Prokuradorearen agerraldia

Baionako prokuradoreak, Samuel Vuelta Simonek, ez ohiko agerraldia egin du igande arratsalde honetan. Azaldu duenez, emakumearen gorpua atzeman zuten tokian aurkitutako «froga biologikoek» nola gorpuari eginiko autopsiak «garrantzitsuak» izan dira ustezko egilea identifikatzeko.

Vuelta Simonek zehaztu duenez, lapurretak egiteagatik eta ondareak kaltetzeagatik egona zen atxilotua gizonezkoa, eta hainbat aldiz jaso behar izan du «tratamendu sikriatikoa». Edonola ere, gaineratu du ezerk ez zuela pentsarazten krimen bat burutzeko gai izan zitekeenik.

Autopsiak baieztatu du asfixiagatik hil zen emakumea bortxatua izan zela.