NAIZ
BILBO

Hodei Egiluzi lapurtzeagatik hiru lagun epaituko dituzte ostegunetik aurrera Anberesen

Ostegunean, irailak 21, hiru lagunen aurkako epaiketa hasiko da Anberesen (Belgika), Hodei Egiluz gazte galdakoztarrari lapurreta egitea egotzita.

Mobilizazio ugari egin ziren Galdakaon Hodei Egiluzen alde. Irudian, desagerpenetik urtebetera. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Mobilizazio ugari egin ziren Galdakaon Hodei Egiluzen alde. Irudian, desagerpenetik urtebetera. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

2013ko urriaren 19an, Hodei Egiluz galdakoztarraren arrastoa galdu zen Anberesen eta iazko otsailean agertu zen haren gorpua, hiri horretako Escalda ibaiaren uretan, desagertu zen tokitik gertu.

Poliziaren txostenek baieztatu zutenez, desagertu zen gauean, bere arrastoa galdu aurretik, birritan lapurreta egin zioten etxera bidean zihoala.

‘El Correo’ egunkariak jakinarazi dutenez eta Hodei Egiluzen ingurukoek sare sozialen bitartez baieztatu dutenaren arabera, etzi goizean hasiko da lapurreta horiengatik auziperatuta dauden hiru pertsonen aurkako epaiketa (9.30ean, Anbereseko Justizia Jauregian).

Egiluz desagertu eta gutxira atxilotu zituzten auziperatutakoak eta beraiek aitortu zuten lapurreta egin ziotela gazte galdakoztarrari. Hilabete batzuk espetxean pasa zituzten baina gerora aske utzi zituzten, desagerpenarekin lotura zutela erakusteko frogarik aurkitu ez zelako.

Ingeniaritza Informatikoan tituluduna zen galdakoztarra 2013ko apirilean joan zen Anberesera praktikak egitera eta han ari zen lanean. Urriaren 19. hartan, lagun batzuekin egon ondoren galdu zen haren arrastoa.