@aimar_etxe

BTN17: errimak, euskararen lurralde osora eramanak

«Ez da kontu sinbolikoa, ezta indar erakustaldi bat. Errealitate baten isla da, bertsolaritza bizirik baitago eremu horietan». Euskararen lurralde osoan izango da Bertsolari Txapelketa Nagusia lehen aldiz. Larunbat honetan ekingo diote bertsolariek lehiari, eta abenduaren 17an abestuko dituzte azken errimak BECen. 43 partaide izango ditu orotara txapelketak; 30 izango dira gizonezkoak, 13 emakumeak.

Laugarrenez jokatuko da finala Barakaldoko BECen. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Laugarrenez jokatuko da finala Barakaldoko BECen. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Gaur abiatuko da Baigorrin Bertsolari Txapelketa Nagusiaren XVII. edizioa. Aimar Karrika, Alaia Martin, Ander Lizarralde, Beñat Ugartetxea, Mikel Artola eta Xabi Maia izango da txapelketari lehen errimak jartzearen arduradunak arratsaldeko 17.00etan abiatuko den saioan. Ortzimugan, beste 13 saio eta Barakaldoko BECeko final nagusia, abenduaren 17an jokatuko dena.

43 bertsolarik hartuko dute parte guztira txapelketan. Horietatik 30 izango dira gizonezkoak, eta 13 emakumeak. Izango da emakumeak oholtza gainean gehiago izango diren saiorik ere: urriaren 7an, Zallako Mimetiz pilotalekuan, lau emakume (Jone Uria, Miren Amuriza, Oihane Perea eta Onintza Enbeita) izango dira oholtzan, sei bertsolarik osatutako saioan; gutxienez, emakume batek abestuko du txapelketa hasierako sei final laurdenetan.

Jatorriari dagokionez, berriz, Gipuzkoak jarriko du bertsolari kopuru handiena: 20. Hamaika izango dira bizkaitarrak, bost nafarrak eta Ipar Euskal Herritik datozenak eta bi arabarrak. Saioen kokalekuen kasuan oreka bilatu du Bertsozale Elkarteak: lau izango dira Gipuzkoan, hiru Bizkaia eta Iparraldean eta bi Araba eta Nafarroan.

Loading player...

Faseak eta sailkapenak

Hiru fasetan banatuko da Bertsolari Txapelketa Nagusia: final laurdenak, finalerdiak eta final nagusia. 36 bertsolarik abiatuko dituzte final laurdenak; sei bertsolariz osatutako sei talde egingo dira eta saio bakarrera lehiatuko dira. Talde bakoitzeko irabazlea zuzenean sailkatuko da finalerdietarako eta puntu gehien batzen dituzten bertsolariekin osatuko da hurrengo fasera sailkatuko den taldea.

Finalerdietan, berriz, 24 bertsolari arituko dira: 2013ko sei finalista –Unai Iturriagak uko egin dio txapelketan parte hartzeari– eta final laurdenetatik sailkatutako 18. Bi itzuli izango ditu fase honek: lau finalerdiko izango dira lehenengoan eta hiru bigarrenean. Bi saioetako puntuazioak batu egingo dira eta puntu gehien lortzen duten zazpi bertsolariak sailkatuko dira finalerako. Bertan izango dute zain Amets Arzallus, 2013ko txapelduna.

Sarreren salmenta eta txapelketari jarraipena

Sarrerak erosteko bi modu izango dituzte bertsozaleek. Batetik, www.bertsosarrerak.eus atarira jo dezakete. Salgai daude jada final laurden guztietarako sarrerak eta urriaren 2ra arte izango dute Bertsozale Elkarteko bazkideek finalaurrekoetarako eta final nagusirako sarrerak erosteko aukera; urriaren 2tik aurrera irekiko dute aukera publiko zabalarentzat. Bestalde, final laurden eta finalaurrekoetako sarrerak saioa jokatuko den herriko salmenta puntuetan eros daitezke.

Jarraipena, berriz, etxe honen bidez egin ahal izango da. Saio guztiak emango ditu zuzenean NAIZek, bertsoa.eus webguneak erraztutako streaming seinalearen bitartez. Bestalde, saioen kronika guztiak bilduko ditu GARA egunkariak, Amagoia Mujika, Maider Iantzi eta Jon Garmendia «Txuria»-ren sinadurapean. Infozazpi irratiak ere zuzenean emango ditu saio guztiak. Mirari Martiarenak gidatutako ditu irratsaioak, eta gonbidaturen bat izango du ondoan saio oro. Astelehenean, berriz, bertsoaldi bakoitzeko irabazlea elkarrizketatuko du Oinatz Aizpuruk.