@belastegi
OÑATI

Lekaixoka abiatu dira txantxikuak Zumarraga-Urretxuri lekukoa eman aurretik

Laburra bezain ederra izan da Oñatiko Txantxiku Ikastolako arduradunek aurtengo Kilometroetako antolatu duten ibilbidea. Festa eta auzolanerako deia egin dute Gipuzkoako Ikastolen aldeko festaren hasieran, eta Zumarraga-Urretxuko Ikastolak hartu du hurrengo urteko jaia antolatzeko ardura.

Eguraldia lagun dute igande honetan Oñatin. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)
Eguraldia lagun dute igande honetan Oñatin. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)

Aurreskua abestuaz ekin diote Andoni Egaña eta Nere Gilek Oñatiko Foruen Enparantzan egin den Kilometroak 2017ren hasiera ekitaldiari. Bertaratutakoei eskerrak eman ostean, Gipuzkoako Ikastolen jai handiaren 41. edizioaren helburu nagusiak azaldu dituzte: auzolana; irekia izatea; parekidetasuna eta aniztasuna; mundu modernoaren eta aurrerakoiaren parte izatea; eta ikuspegi jasangarria barne hartzea.

Lekaixoka da aurtengo Kilometroak jaiaren leloa, Oñatin irrintzika esan nahi duen hitza. Hala, irrintziek protagonismo handia zian dute hasiera ekitaldian; irrintziek batutako gizarteko hainbat esparru ordezkatu dituzten herritarrek hartu dute parte ohiko zinta-mozketa ordezkatu duen ekitaldian: horma bateko kuboak kendu ostean Kilometroak 2017 Lekaixoka Oñati zioen mezua osatu dute.

Ikastolako ikasleek ere izan dute euren lekua hasiera ekitaldian. Aurtengo abestiaren koreografia dantzatu dute; abesti beraren lehen notak kantatuz amaitu dute ekitaldia. Bertan hartu dute hitza Aitor Guridi Txantxiku Ikastolako lehendakariak, Mikel Biain Oñatiko alkateak, Cristina Uriarte Lakuako Gobernuaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak, Nekane Artola Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak.

Zumarraga-Urretxuko Ikastolak hartu du lekukoa

2018 bitartean ikastolen jaia antolatzeko ardura izango du Zumarraga-Urretxuko Ikastolak. Bitartean, Oñatin Txantxiku ikastolari babesa ematen jarraitzen dute milaka euskaltzale. Goizean autobusekin arazoak izan badira ere, hasierako haserreak alde batera utzita iritsi bezain laisten hasi da jendea egitarauaz gozatzen. Eguraldi apartak ere laguntzen du.

Ia sei kilometrotako ibilbidea, laburra baina ederra da. Atsegina lasai asko egiteko eta festak eskaintzen duenaz gozatzeko. Mahasti artetik igaro behar da, Udalaitz mendiaren punta urrunean ikusiz, baita zuhaizti batetik ere. Arkada Sozialen kontzertua izan da eguneko momenturik esperatuena, eta eguerdi partean ibilbidearen bi norabidetan zijoan jendea 4. gunerantz. Bertan ere joko du geroxeago Huntzak, eta amaitzeko Willis Drumondek jarriko ditu azken notak.