NAIZ

Iñaki Beristain frantziskotarra zendu da

Iñaki Beristain idazle frantziskotarra zendu da 70 urterekin. Errezilen jaioa, Arantzazun egon da 1967tik, santutegiko eledun lanak ere eginez urte luzetan. Astearte honetan egingo dira haren aldeko hileta elizkizunak.

Beristain, 'Arantzazu' aldizkariaren ale berritua aurkezten. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Beristain, 'Arantzazu' aldizkariaren ale berritua aurkezten. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Errezilen jaio zen Iñaki Beristain 1947. urtean. Hogei urterekin apaiztu zen eta Arantzazun egon da 1967. urtetik bere heriotzara arte. 70 urte zituela zendu da, eta astearte honetan izango dira haren aldeko hileta elizkizunak, Arantzazun bertan 17.00etan hasita.

Santutegiko eledun lanetan aritu izan da urte luzez eta, besteak beste, 'Arantzazu' aldizkariaren zuzendari ere izan da, baita EiTB-ko 'Egi bidean' saioaren arduradun ere.

Gaztetatik hasi zen Beristain euskarazko sorkuntzan. Esaterako, 'Gure izarra' aldizkarian aritu zen Erriberrin zela, eta ondoren 'Jakin' aldizkarirako ere jardun izan zuen. Duela urtebete argitaratu zuen bere azken liburua: 'Nikolas Segurola. Fraide, artzain eta bertsolari', Xabier Euzkitze eta Eduardo Urarterekin batera. 1968an Arantzazun egin zen euskara batuari buruzko bilkuran ere parte hartu zuen fraide errezildarrak.

Andres Urrutia euskaltzainburuak gogoratu du Beristainek euskararen inguruko zenbait proiektutan parte hartu zuela, eta gaineratu du «euskal idazle fina eta esatari aparta» ere izan zela. «Gozagarri osoa ezbairik gabe, haren ezpainetatik fedearen mintzoa aditzen zen», azpimarratu du.