NAIZ
IRUÑEA

Nafarroan euskaldunek pairatzen duten «bereizkeria» gainditzeko ekimena abian jarri du Kontseiluak

Euskaldunek Nafarroan bizi duten «bereizkeria» gainditzeko ‘Euskara ofiziala Nafarroa osoan’ dinamika abian jarriko du Kontseiluak. Zonifikazioarekin bukatzea beharrezko jotzen du eta euskararen lege berria aldarrikatu du.

Paul Bilbao, Xabi Gartzia eta Aurkene Isasi, Iruñean egin duten aurkezpenean. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)
Paul Bilbao, Xabi Gartzia eta Aurkene Isasi, Iruñean egin duten aurkezpenean. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

Paul Bilbao Konseiluko idazkari nagusiak aurkeztu du ‘Euskara ofiziala Nafarroa osoan’ dinamika, Aurkene Isasi eta Xabi Gartziarekin batera. Nafarroako hainbat herritan gauzatuko da –Antsoain, Berriozar, Burlata, Mutiloa, Sarriguren eta Iruñean–, herri horietako euskalgintzarekin batera, eta zonifikazioa bukatzea eta euskaldunek Nafarroan bizi dute «bereizkeria» gainditzea ditu helburu.

Bilbaok gogoratu duenez, «aldaketaren legealdiaren» erdia pasata bi urte hauetan hainbat aldaketa izan direla onartu du –Euskararen Legearen moldaketa, Gobiernuak euskara lan hizkuntza bezala erabiltzen hastea eta euskara sustatzeko plangintza bat diseinatzea–, baina «euskaldunok pairatzen dugun bereizkeriak badirau, ez baitute indargabetu bereizkeriaren eragilea den eskualdekatzea».

Eremu euskaldunean izan ezik, gainerako bietan «euskaldunok zailtasun handiak ditugu euskaraz bizitzeko. Herritarrok aitortua dugu euskaraz aritzeko eskubidea, baina erakundeek ez dute zerbitzu publikoak euskaraz eskaintzeko beharkizunik», salatu du. Gaztelaniaz bizi nahi duenak, ordea, «eskubide hori aitortua du lurralde osoan».

Horren aurrean, Euskararen Lege berria aldarrikatu du, zonifikazioarekin bukatzeko. Aldarrikapen hori indartzeko abiatuko dute ‘Euskara ofiziala Nafarroa osoan’ dinamika, aipatu herrietan. Prozedura honakoa izango da: Herri horietako bizilagunek, urriaren bukaeran beren etxeko postontzian esku-orri bat jasoko dute. «Zonifikazioaren inguruko informazio euskarria izateaz gain, Udalari eskaria egiteko eskabidea izango da. Herritarrak, bertan esplikatu ahal izango ditu euskaraz bizitzeko dituen zailtasunak, euskara ofizial izatea eskatzearekin batera», azaldu du Isasik, herri horietako euskalgintzaren izenean. 

Eskabideak herrietan jasoko dira, bertan zehaztuta dauden lekuetan, azaroko lehen hiru asteetan. Ondoren, euskalgintzako taldeek beren udalei eta Legebiltzarrari helaraziko dizkiete.