NAIZ

200 milioi euroko kontratu berri bat sinatu du CAFek Britainia Handian

Bi kotxeko hamabi tren eta lau kotxeko hamalau fabrikatu, hornitu eta mantenduko ditu CAFek Britainia Handiko West Midlands Ltd enpresarentzat. Orotara, 200 milioi euro jasoko ditu enpresa gipuzkoarrak.

West Midlands Trains Ltd enpresak CAF aukeratu du Birmingham eskualde britainiarreko hiri eta udalerriak lotzen dituzten lineetan ibiliko diren 26 diesel-unitate –bi kotxeko hamabi tren eta lau kotxeko hamalau– fabrikatu, hornitu eta mantentzeko.

Kontratua frankiziak hurrengo urteotan egingo duen 1.000 milioi libera inguruko inbertsioaren baitan kokatzen da eta gutxi gorabehera 200 milioi euro jasoko ditu CAFek.

Aipatu kontratuaren bitartez Birminghameko tren sarean aurreikusten duten bidaiari kopuruaren igoerari aurre egin asmo dute eta tren berriek bidaiariei ematen zaien zerbitzua hobetuko dute, aire girotua, doako Wi-Fia edota serieko korronte-harguneen bidez.

Richard Garner Britainia Handia eta Irlandarako CAFeko Negozioen Garapeneko zuzendariak adierazi du albiste «bikaina» dela eta orain arte sinatutako kontratuei «jarraipena» ematen diela: «Gainera, proiektuak sendotu egin du Erresuma Batuko merkatuan trenen fabrikatzaile nagusien artean CAFek betetzen duen tokia».

Infracapital eta Deutsche Asset Managementek zuzenduko dute tren berrien finantzaketa-eragiketa. Errentan hartuko ditu trenak West Midlands Ltd-k, «ohiko» eragiketa kasu horietan.

Chris Garyling Garraioen Estatu idazkari britainiarraren iritziz, «duela mende bat baino gehiagotik» trenen modernizaziorako programa «handiena» ari dira garatzen. Herrialde osoan egindako inbertsioaren zati baten parte de CAFek lortu duen kontratua.