NAIZ
DURANGO

«Sormenaren lurraldea» izango da Durangoko Azoka abenduaren 6tik 10era

Jose Antonio Sistiaga margolariak egin du Durangoko Azokaren 52. edizioko kartela. «Sormenaren lurraldea DA» lelopean egingo da bost egun iraungo duen azoka, abenduaren 6tik 10era.

Kartelaren aurkezpeneko argazkia. (ARGAZKI PRESS)
Kartelaren aurkezpeneko argazkia. (ARGAZKI PRESS)

Durangoko Azokak 52. edizioko kartela eta ildo nagusiak aurkeztu ditu prentsaurrekoan. «Sormenaren lurraldea DA» izango da aurtengo lelo orokorra, eta Jose Antonio Sistiaga izango du kartelaren egile.

Aurkezpenean, besteak beste, babesle publikoetako ordezkariek hartu dute parte Gerediaga elkarteko eta Azokako ordezkariekin batera. Elkarteko presidente Nerea Mujikak aurkeztu du leloa, esanez: «Gure lurraldea ez da ohiko lurralde bat. Ez du mugarik, sormena iristen den lekuraino zabaltzen da. Lurralde honen oinarria kultura da, eta euskara da bere ardatza».

Sistiagaren kartela, berriz, ‘Impresiones en la alta atomosfera’ pelikula esperimentalaren filmina batean oinarritutakoa da. 1989. urtean egin zuen, filmina guztiak eskuz margotuz, kamera barik.

Egunei dagokionez, bigarren egunean, abenduaren 7an, Ikasle Eguna izango da eta Azoka «leporaino» betetzea aurreikusten dute antolatzaileek. Besteak beste, hainbat tailer izango dituzte hauek eskura.

Tailerrak, baina, helduentzako ere antolatu ditu Azokak, berbalagun eta euskaltegietako ikasleei begira batik bat. Guztiak abenduaren 7an izango dira, eta tartean dira rap tailerra, bikoizketa tailerra, autodefentsa digitalaren hastapenerako tailerra...

Ahotsenearen 10. urteurrena ospatu eta kulturaren plaza zabaltzeko asmoz, herriz-herri ibiliko da Azoka. Irailaren 29an egin zuen lehen geldialdia Tafallan, eta Bilbo izango du hurrengo geltoki urriaren 20an.