NAIZ
BILBO

Aritz Arginzoniz presoaren «babesgabetasun juridikoa» salatu du Kalera Kalerak

Kalera Kalera dinamikak Aritz Arginzoniz euskal presoaren «babesgabetasun juridiko» egoera gogor salatu du, Estatu espainiarreko espetxeetan zigorra bukatzear delarik Parisera eraman baitute beste auzi batengatik epaitzeko.

Ohar baten bitartez, Elorrioko presoak bizi duen «babesgabetasun juridikoa» gaitzetsi du Kalera Kalera dinamikak. Espetxe espainiarretan zigorra amaitzear delarik, Huelvako espetxetik Parisera eraman zuten atzo Arginzoniz, beste auzi batengatik epaitu dezaten.

Gogoratu dutenez, 2007ko uztailean atxilotu zuten elorrioarrra, Santanderren. Auzitegi Nazional espainolak 10 urte eta bederatzi hilabeteko zigorra ezarri zion eta, hortaz, osorik betez gero 2018ko otsailean aske geratu beharko litzateke.

Hala ere, salatu dute zigorra betetzear zegoenean Estatu frantsesak haren behin-behineko eskatu zuen eta jakinarazi zioten beste auzi bat ireki eta eginbide judizialak gauzatutakoan epaituko zutela. Tramite horiek eginda, bueltan eraman zuten Espainiako Estatura. 

Lehen aldia

«Frantziako Estatura behin-behineko beste entrega batzuk edota estradizioak lehenago egin badira ere, lehen aldia da zigorra ia-ia beteta duen preso bat epaitzeko Frantziaratzen dutela», gaitzetsi du Kalera Kalerak, presoen «babesgabetasun juridikoa» nabarmenduz.

«Sufrimendua eragiten zaio pertsona bati, haren senideei eta lagunei zigorra noiz amaituko den ezd dakinean», gaineratu dute.

Arginonizen egoera salatzeko hainbat mobilizazio antolatu dituzte: igandean, hilak 22, batzar informatiboa eta enkartelada egingo dira Elorrion; hilaren 30ean, aldiz, presoaren egoera salatzeko prentsaurrekoa eskainiko dute. Kalera Kalerak deialdiotan parte hartzeko eskaera egin du.