Naiz+ Naiz+

Biolentzia politikoak irekitako zauriak josiz

Pasa den ostegunean Iruñean IV. Foro Sozialaren ondorioak aletzeko egindako ekitaldian aurkeztutako dokumentala da honakoa. Azaroan, biolentzia politikoa pairatu duten askotariko biktimek Nafarroako parlamentuan eskainitako testigantzak jasotzen ditu bideoak.

Sufrikarioen rankinetan sartu gabe sendatzen ez diren zauriak, zabaldu eta gaiztotu egiten direla argitu zuten biktima gehienek, «mina eta gorrotoa biderkatuz eta heriotza eraginez», gaineratu dute.

Azaroko hitzordu hartan, «Oinazetik elkarbizitzarantz» lelo hartuta, Iñaki García Arrizabalaga, —1980an Comandos Autónomos Anticapitalistas taldeak bahitu eta hil zuen Juan Manuel García Corderoren semea—, eta Lourdes Zabalza, –Guardia Zibilak atxilotu ondoren Bidasoa ibaian hilda agertu zen Mikel Zabalzaren arreba- bat etorri ziren biktimen erabilera alderdikoi «lotsagarria» salatzean, eta horrek «min ematen» diela gehitzean.

Nafarroako parlamentuan bigarren mahai-inguru bat izan zen, «Gizarte zibila, elkarbizitzaren motorra» goiburuarekin eta indarkeriaren ondorioak zuzenean jasan dituzten pertsonen lekukotasunak bilduz. Zehazki, Aitziber Berrueta, –hildako Anjel Berruetaren alaba–, dispertsioaren ondorioz hildako Sara Fernándezen ahizpa, Ana Fernández; PSNko zinegotziak diren Julia Cid, José Luis Uriz edota Mercedes Sánchez; Polizia espainolaren zaintzapean torturak salatu zituen Oihan Ataun; Txema Jurado preso ohia edota desagertutako ‘Naparra’-ren anaia Eneko Etxeberria izan ziren bertan, biolentzia politikoa sufritu duten herritarrak denak.

Hamaika Telebistak jarri dizkio euskarazko azpitituluak testigantzei.