Naiz+ Naiz+

Hamar urteren ostean, Kubara heldu da Askapenako Brigada

Casa_de_las_americas
Casa de las Americas bisitatu du Askapenako Brigadak. (Askapena)

Kubara bidaiatu gabe hamarkada luzea igaro ondoren, harremanak estutzeko eta sendotzeko asmoarekin berriz berreskuratu du Askapenak Kubarako Brigada. Karibeko uhartean dira dagoeneko Euskal Herritik abiatutako gizon emakumeak eta bertatik bidali dute lehen kronika.

Heldu bezain laster, Kubak eta kubatarrek duten beroa nabaritu dugu, horrexegatik erabaki dugu gure jantzirik eta ideiarik freskoenekin janztea.

Ideia freskoekin jarraituz, gure bidelagun izango ditugun GALFISA “ Grupo de América Latina de Filosofia Social y Axiologia” institutuak harrera ezin hobea egin digu. GALFISA, sozialismoan filosofiak duen garrantzia nabarmentzen saiatu izan dira, horrela herri hezkuntzaren bitartez herri mugimenduan gogoeta bat sustatuz. Arrazoiaz aparte emozioen beharrezkotasuna nabarmenduz. Hauek, ekintza-parte hartze metodologiaren bitartez ekologia, feminismoa, estetika (herri artea) lantzen dituzte.

Lehenengo hitzaldian, Kubako ekonomiaren gaur egungo erronka eta zailtasunez aritu gara. Eguneratze ekonomiko batzuk ematen ari dira Kuban. Orain arte, Kubaren enpleguaren %95a estatuaren menpe zegoen, honek enplegu osoa ekartzen bazuen ere, arazoak ere ekartzen zituen. 2008tik aurrera norbere kabuz lan egiteko baimenak aldatzen joan dira. Sektore pribatu eta publikoen arteko harremanek kontraesanak sortzen dituzte, ekonomiaren subjektu berrien sorrerak (autonomo, estatuaren soldatapeko ez direnak, kooperatibistak…) eztabaida eta erregulazioen beharrak ekarri baititu.

Bestalde, emakumeen gehiengoak sektore publikoan egiten dute lan eta pribatuan lan egiten dutenek erreprodukzio lanetan dihardute. Sektore pribatuetan soldata handiagoak jasotzeak publikoa eta kualifikatua den lana uztea ekarri du erreprodukzio lan pribatu eta prekarizatuetan lan egiteko.

Kubako errealitateari sarrera sakon hau egin ondoren, Habanako alde zaharrera joateko aukera izan genuen. Bertara iristeko garraio publikoak eta turismoaren masifikazioak bertakoetan eragiten dituen zailtasunak bertatik bertara ikusi genituen.

Hurrengo egunean Casa de las Américas bisitatzeko aukera izan genuen. 59. urtean iraultza hasi eta lau hilabetetara Latinoamerika eta Karibeko balore artistiko-kulturala lantzeko ireki zen espazio hau. Eraikin honek beti kulturarekin lotura izan duen arren, kultura modu eraldatzaile batean sustraitzen hasi zen. Bertan Karibe eta Latinoamerikako artista garrantzitsuenak pasatu dira eta haien obrak eman dituzte herri honen askapen prozesuaren alde.

Aipatu beharra dago harreman diplomatikorik ez zuten herriekin harreman kulturala mantendu zela eta horrek lotura izatea ahalbidetu zuela. Memoria historikoa zaintzeko lan handia egin dute eta artxibatuta dituzte kultur erakunde honek izan dituen harreman guztiak. Bestalde formakuntza anitzak eta doakoak ematen dituzte.