Naiz+ Naiz+

'Nomofobikak' euskarazko websaila bihar abiatuko den Seriesland-en estreinatuko dute

Bihar ekingo dio Bilbon Seriesland jaialdiak eta ehun telesail digital baino gehiago estreinatuko dituzte bertan. Aurreneko bi edizioetan Bilbao Web Fest izena zuen jaialdi honetan gainera, euskarazko websail bat estreinatuko dute: ‘Nomofobikak’.

‘Sarean kateatuak' antzezlanaren moldaketa da ‘Nomofobikak’ websaila. Teknologia berriek harremantzerako orduan sortu dituzten alderdi negatiboei, umoretik, kritika egitea zuen helburu Belen Cruz, Amaia Lizarralde eta Olatz Beobide aktoreek oholtzara eramandako obrak. 

Orain, umorea alboratu gabe, euskaraz sortutako kalitatezko websail bat egitea da ‘Nomofobikak’ sortzaileen helburua. Asteazkenean aurkeztuko dute Bilbon, 18.00etan, Euskal Screenings atalean, eta azaroaren 2tik aurrera, telesailaren webgunean ikusi ahalko dira atal berriak. Hamabostero bi atal jarriko dituzte. Lehen denboraldiak sei atal izango ditu.

Pedro Fuentesek zuzendu du, eta aktore protagonistak Olatz Beobide eta Amaia Lizarralde dira. Websailean entzungai dagoen musika ostera, Pascal Gaignerena da. 

Iaz abenduaren 24an estreinatu zuten Nomofobikak websailaren aurreneko atala, ‘Berria’ egunkariaren webgunean.

Euskal Screenings atalean, bestalde, euskara beste bi ekoizpenetan entzun ahal izango da, ‘Hari Gorria’ eta ‘Eguzkiaren Bila’ websail elebidunetan, hain zuzen ere.

Ostiralean bukatuko da Seriesland jaialdia eta orduan emango dituzte sariak Guggenheim museoan egingo dute ekitaldi batean.