Espazio eskola

Jupiter, goazen bidaia luze bat egitera

Jupiter Lurretik gertuen dagoen gasesko planeta erraldoi bat da. Baina gauza berezi asko ditu, gaurko artikuluan gauza interesgarri asko ikasiko ditugu.

Jupiter eguzki sistemako planetarik handiena da, izan ere, bere satelite garrantzitsuenak, Ilargi galilearrak deritzogunak (Io, Europa, Ganimedes eta Calixto) lurraren tamainakoak dira.

Hurrengo urteotan JUICE misioak aztergai izango ditu satelite natural hauek. Zazpi urtez bidaiatu ostean, espazio-zunda europarra Jupiterren grabitate eremuan sartuko da, planetaren ingurugiroa aztertu ondoren Ilargitara hurbildu eta gertutik argazkiak aterako ditu, sateliteen lurrazala zehatz-mehatz behatuz.

Dirutza ikaragarria xahutuko du ESA agentziak misio honetan, baina zer ote dute Jupiterren ilargiek hain interes handia pizteko?

Jakina da Io ilargia sumendiz beteta dagoela eta bertoko sufredun atmosfera arnastezina dela, infernuko irudi egokia izango litzateke satelite hau. Beste ilargiek, ordea, itxura ezberdina dute, izotzezko lurrazala dute eta baliteke euren barnean ozeanoak egotea. Ezaugarri honek zientzialarien jakin-mina sorrarazi du, ura egoera likidoan duten planetek bizitza izan dezaketelako.

JUICE espazio-zundak radar bereziak ditu izotzezko lurrazalaren azpitik ikusteko, baita kamera eta sentsore ezberdinak eguratsaren ezaugarriak ezagutzeko. Izan ere, planeta erraldoiaren eta sateliteen ingurua muturreko baldintzetan dago, energia handiko partikulak eta erradiazio bortitzak aparatu elektrikoak matxuratu ditzakete.

Sateliteak bisitatzerakoan maniobra konplexu eta zehatzak egin beharko ditu , hasieratik programatua egongo da baina beharrezkoak izango ditu birprogramaketak eta doiketak. Hiru urte luzez izotzezko sateliteak ikertuko ditu, azkenean Ganimedes ilargiaren inguruan orbitatzen egongo da erregaia amaitu arte, nahiz eta datuak bidaltzeko gai izan, satelitearen kontra talka egingo du misioari bukaera emanez.

Misio honen helburua Jupiterren ilargiak eta hauen ingurugiroa aztertzea da, ahalik eta gehien jakiteko zer nolako baldintzei aurre egin beharko litzateke etorkizun batean. Agian, batek daki, Jupiterren ilargiren batean bizileku oparo eta aberatsa aurkitu genezake.

www.aeroespazioeskola.com