Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Urkullu autonomista domestikatua da.

Kontsultarako eskubidea?

Hara Urkulluren azkena!, Autodeterminazio eskubidea alboratu nahian dabil eta herriari galdetzeko baimena eskatzen du marketinaz bere saldukeria politikoa mozorratu nahian. Aspaldi Gramscik (“Cahiers de prison”, 1978) jada oharrarazi zuen etorkizunerako ikusten zuen “bizitzaren eta ezagutzaren amerikartzeaz” eta, beraz, gizartea aglutinatzeko elementu bezala balio komunitario/komunistak ustez galdu egingo zirela.

 

Inperialismoa kapitalismoaren fase gorena dela iragarri zuen Leninek eta gaur joera hauen baitan agertzen da, estatu global baterantz doan garapen geraezina bezala, non merkatua, justizia eta politikaren era exekutiboak (koakzioa eta/edo interbentzio armatua) diren geroz eta ilunagoak eta kontrolaezinagoak.

 

Arendtek “autoritarismoen mendea” bezala definitu zuen XX.a (Los orígenes del totalitarismo, 1982), eta Ternonek “kriminala” bezala (“El Estado criminal. Los genocidios del siglo XX”, 1982) eta orduantxe agertu zen bertsio iraultzaile bat bai herriaren  subirautza eta bai mugimendu sozialak aldarrikatzen zituena, Töniesen ildotik tradizio komunitarioen berrirakurketa egiten zuena eta, azken finean, proposatzen zuen gizartea aglutinatzeko sistema zaharrak, eraberrituz, berriro onartu eta sozialki berregituratzea, hala nola XIX. mendeko europar nazionalismo emantzipatzaile zaharra (Châtelet, F. “Las concepciones políticas del siglo XX”, 1986). Gaur eta hemen, koordenatu hauetan oinarritzen da nire erantzuna, praktikoa eta politikoa. Zer da nazionalista izatea? galderari buruz. Herriari, nazioari alegia, hitza ematea.

 

Birzikla dezagun estatuaren ideia historikoa. Tratatu klasikoek akademikoki bereizi nahi izan dituzte nazionalismoa eta abertzaletasuna, lehenari irrazionaltasuna, xenofobia, arrazismoa eta bereizkeria eratxikiz, eta bigarrenari, aldiz, progresu-balioak, arrazoizkotasuna eta hiritar aglutinazioa (Habermas, J. “Raison et légitimité: problèmes de légitimation dans le capitalisme avancé”, 1978).

 

Nahiz eta badiren salbuespen nabarmenak planteamendu honen aurrean (M. Guibernau, “El nacionalismo: ¿Ideología de la modernidad?, 1994), politika estatalistek garatzen duten nazionalismo inperialista hain da nabarmena, hala nola ura arrainaren begien aurrean, eta, aldiz, askapen mugimendu politikoek eragozpen gogorrak izan dituzte nazionalismoa iraultzaile bezala identifikatu ahal izateko (Arieh Yaari, “Le défi national: les théories marxistes  sur la question nationale…”, 1978).

 

Abertzaletasun estatala inperialismo hutsa den bezalaxe, XXI. mendeko nazionalismoa homogeneizazio globalizatzailearen aurkako identitate komunitarioaren errebindikazioa da. Dibertsitatearen alde jokatzen du  (hizkuntza, biologia, kultura eta abarren aldeko dibertsitatea). Kontzeptu deseroso eta aldaketa sozialaren formulazioa da. Hautabide politikoa (Ulises Moulines. C. “Manifestu nacionalista”, 2008).

Honen guztiaren arabera esan liteke, Estatuaren eraikuntza klasikoaren aitzinean, herria dela askatasun erreferentzia bakarra, bere balio sistemekin, menperatuak dauden bere hizkuntza eta kulturekin (M. Urkola, “Soziologia kritikotik hezkuntza orokorrera”, 2003). Ildo honetan independentismoa ez litzateke herriak Estatu arrotz bezain menperatzailearekiko duen truke desorekatuaren kontzientzia hartzea baino, eta ondoriozko alternatiba sezesionista formulatzea.

Beraz, autodeterminazioari, erabakitzeko eskubideari alegia, muzin egiten dion politika ezin da nazionalista izan. Urkullu, beraz, autonomista domestikatua besterik ez da.

Fito Rdz.

 

 

 

Search