Klarionez zikin
by Josean Bueno
Josean_fondoakin
09/04/2014 10:29h.

EAEko Mapa Soziolinguistikoa eman du jakitera Eusko Jaurlaritzak. Hemen dituzu honen inguruko informazioak:

 Hemen txosten osoa:

http://www.naiz.info/media/asset_publics/resources/000/072/854/original/V_mapa_soziolinguistikoa_eu.pdf

 Albistea NAIZen:

http://www.naiz.info/eu/actualidad/noticia/20140407/casi-la-mitad-de-la-poblacion-de-la-cav-desconoce-absolutamente-el-euskara

 Interesgarria da 1981-2011 arteko datuen erkaketa, hau da, azken 30 urteotako aldaketak. Euskararen aldeko lana bideratzeko datuak interesgarriak dira, noski. Lagun batek esango lukeen modura, “argi-ilunak daude”. Hona hemen zenbait gogoeta:

 

EUSKARA ZAHAR-EGOITZETARA! Kontxo, duela 30 urte biztanleen % 9,2k zeukan 65 urte baino gehiago, baina gaur egun % 19,8 dira, eta igotzen doa; bikoiztu baino gehiago egin du kopuruak! Jubilatuen lokalak eta egoitzak gune estrategikoa bihur daitezke hemendik urte batzuetara edozein egitasmo soziala bideratzeko. Hainbeste lan egin ikastoletan, umeekin, baina nabarmenen zabaltzen doan sektore soziala hirugarren adinakoa da. Normalkuntza teknikarien plan estrategikoetan jasota al daukate?

 

EUSKARAZ HARTU ATZERRITARRAK. Bai, horrela egin beharko dugu, bestela herritarren % 6,6 utziko baikenuke kanpo (Araban % 9). Atzerritarrak integratzeko tresna oso eraginkorra da euskara, eta guretzat garrantzitsua da herritar berri horiek euskarara hurbiltzea.

 

HEZKUNTZAREN HIZKUNTZA NAGUSIA, EUSKARA, BAINA KONTUZ! D eredua zabaltzen jarraitzen du, eta Ak gero eta hedadura txikiagoa du, egia da. Mantso, baina aurrera goazela dirudi. Hala ere, Lanbide Heziketan ez da ikasleen laurdenera heltzen euskaraz ikasten dutenen kopurua; euskara ume txikien kontua da?, lan kontuetarako hizkuntza fundamentuzkoa behar al da?

 

BOTILA ERDI BETEA ALA ERDI HUTSIK? Zenbakiak honelakoak dira: euskaldunak, 30 urte hauetan, populazioaren % 21,9 izatetik % 36,4 izatera pasatu gara; hazkundea bada, baina nahikoa? Euskaldun hartzaileen kopurua ere handitu da, % 12,2tik %19,3ra. Erdaldunek behera egin dute nabarmen, % 65,9 ziren 1981ean eta 2011n %44,3 dira. Datu hauekin aukeratu nahi duzun botila. Tamainak badu garrantzia, noski, baina badira beste faktoreak, honetan ere, garrantzitsu direnak: prestigio soziala, erabilera esparruak, zabaltze kulturala, hizkuntzaren arnas-guneak, ohituren aldaketak …

 

ZAHARRA DELA DIOTE, BAINA GAZTE AURPEGIA DU. Hala da, Europako hizkuntzarik zaharrena dela diote, baina EAEn ume eta gazteen hizkuntza izaten da. 1981 urtean zaharren artean gazteen artean baino euskaldun gehiago zegoen: zaharren % 33 inguru ziren euskaldun, eta gazteen % 20. Gaur zahar gutxiago dira euskaldun (% 23 edo) baina gazteen erdiak baino gehiagok badaki euskara! Gazte aurpegia jarri beharko genioke euskarari bere erretratua eginez gero.

 

EUSKALDUNEN ERDIAK EZ DU EUSKARA ETXEAN IKASI. Euskaldunon % 46,9k etxe erdaldunetatik dator, eta euskara beste bidetik bereganatu du. % 42,2 da euskadun zaharra, hau da, guraso euskaldunak dituena. Koadroa osatzeko, % 10,9ren etxeetan bi hizkuntza erabiltzen ziren, hauetako bat euskara. Beraz, transmisioak bi iturri nagusi ditu, eta biak zaindu beharko ditugu biei euskara oparo jario dakien.

 

EUSKARA, JALGI HADI ETXERA! (espresio hau Berria egunkariko Iñaki Petxerromani kopiatu diot, izugarri gustatu zait eta). Etxean euskara beti edo ia beti herritarren %13,4k erabiltzen du; jaitsi da portzentajea! (duela 20 urte % 13,8 zen). Esparru publikoan irabaziz eta etxean galduz? Izan ere, euskaldunen % 36,3k erabiltzen du euskara etxean, eta % 17,7k bi hizkuntzak; horrek esan nahi du euskaldunen % 46k ez duela etxean euskara erabiltzen! Dena hain beltz ez ikusteko datu bat: adinaren arabera gazteenak dira euskara etxean gehien erabiltzen dutenak. Hala ere, badugu zertan pentsatu, euskaldunok euskara etxetik bertatik zaindu beharra baitaukagu.

 

Kezkatzeko motiboak badaude, baina esperantzarako ere bai. Euskararen aldeko lanak ez du etenik, ez dago zertan aspertu; erronka berriak, egoera berriak … Neketsua izan daiteke, baina bizitzeko kontu interesgarria benetan, hizkuntza zahar baten esnatzea eta berpiztea zuzen-zuzenean bizi ahal izatea!

 

Featured blogs
Intxusta_martxelo
Martxelo Diaz eta Aritz Intxusta
Ainhoa_zaloa
Ainhoa Güemes eta Zaloa Basabe
Soto
Iñaki Soto
Latest comments