GALDER PEREZ
IRITZIA

Gasa bagina

Inpultsiboki ardoa aukeratzen duten bitartean, A-k bezperan aldizkari batean irakurritakoaren berri eman nahi die S eta G-ri. Berehala dastatzekoa den ardoa bezala, beraiek ere likidoak omen direla azaldu die. Beste bi elementuek barreka erantzun dute. Intelektual gisa agertu nahi duen Ak, saialdiarekin aurrera egin du. Dagoeneko bere izena gogoan ez duen duela gutxi hildako poloniar pentsalari batek liburu piloa idatzi omen zuela kontatzen die, eta egungo pertsonak likidoak garela. Aren ateraldiak eragindako S eta Gren algarek jatetxeko begirada guztiak bereganatu dituzte.

Laguna zehazki zertaz berbetan ari den jakin gabe, xurrut eta xurrut artean, Sk esan du euskaldunak beti izan garela likidoak. Erreparatzeko bestela edaten ari diren ardoari, edo gure sagardotegiei, beti iskanbiletan dabilen txakolinari edota hain modan dauden artisau garagardoei. Ak nahiago izan du hari horri jarraitu, poloniar aiton horretaz ezer gutxi gehiago baitaki. Horrela, aldizkari berean irakurritako beste albiste likido bat aireratu du. Pariseko karriketan txiza biltzeko ontziak jarri dituztela eta gero jasotako pixarekin konposta egiteko asmo irmoa dutela. Irri gaiztoz ondorioztatu dute Paris bera ere oso likidoa dela eta Ipar Euskal Herriko elkargoari eskatuko dizkiotela halako pixontziak hurrengo Herri Urratserako. Babarrunen ostean, txuletoia konpartitu dute Ak, Gk eta Sk. Saialdi berria egin du Ak, berriz ere teoria hiperpostfilosofikoak mahai gainean jartzeko asmotan. Saialdi berrian solidotasunaz jardun da. Okela ebaki bitartean beraiek ere haragi direla esan du; ondorioz, solidoak ote diren galdetu du. Sk eta Gk ezin izan diote oraingoan ere barreari eutsi. Ardoa edanez jainkoaren odol likidoa ekarri dute akordura eta patxadaz topa egin dute.

Hiru elementuek patxarana edaten bukatuko dute Whatssap bidez antolatutako etsai-oturuntza. Ordura arte berba gutxi egin duen Gk, irentsitako likidoen eta solidoen laguntzaz, bere desioak agortu arte agertuko ditu. Pertsonok bizirik jarraitzeko arnasa behar dugula esango du, eta gasa bagina, beti eta betiko arnasa izango genukeela. Eta ez hori bakarrik. Beharbada ere hegaz egiteko aukera ere izango genukeela gehituko du. Oraingoan ez du inork barre egingo. Zeremoniatsu jasoko dute Gren gogoeta sakona. Agur t’erdi esateko orduan, jatetxera sartzean bezala destainaz begiratuko diote elkarri. Nork bere etxerako, lanerako edo ernegaziorako bidea hartuko du. Arnasestuka iritsiko dira helmuga edo patuetara hiru elementuak. Likidoaren eta solidoaren teoriez ezer ulertu ez badute ere, benetako giza gasa sentituko dira. Eta ikara sortuko zaie gas izaki sortu berri diren hiru lagun hauei. Ohartuko dira giza gasak errazegi eztanda egiteko arriskua duela. Eta gainera, beren buruari galdetuko diote ea gas guztiek benetan flotatzen ote duten, ala solidoak bezala lurperatuak izan daitezkeen edo likidoak lez likidatuak izan daitezkeen ere.

Ak, Gk eta Sk ondorio bakarra partekatuko dute. Ez zaizkie halako eztabaidak komeni, filosofatzea ez da batere onuragarria. Hiru elementuek ez dute sekula santan elkar ikusiko. Norbera bere bakardadean, bizitzaren txinparta txikiak izango balira bezala, bihar giza gas bilakatuko dira.