Gorka Rubio
euskal zinema

Patxi Errementaria. Hamaika arrazoi zinemako ateak zabaldu daitezen

Belaunaldiz belaunaldi eta ahoz transmitituak ziren hainbat ipuin eta kondaira idatziz jaso zituen Jose Miguel Barandiaranek XX. mendean. Horien artean Patxi errementariarena zegoen, deabruak bere onetik atera eta zeruko ateak zeharkatzea lortu zuen gizon gaizto eta bihurriarena. Euskal mitologiako pertsonaia esanguratsu hau pantaila handian eta fantasiazko generoan irudikatu du Paul Urkijo arabarrak. Amaitu berri duen «Errementari» pelikularen filmazioan sartu gara.

1 Zergatik ez?

Paul Urkijok (Gasteiz, 1984) umetan gogokoen zuen ipuina zinemara eramateko ametsa bete ahal izan du proiektu honi esker. Genero fantastikoa jorratu izan du orain arte filmatu dituen laburretan eta, formatu handira jauzi egiteko orduan, «folklore eta mitologiaren zale» den egile honek garbi izan du: «Hemengoa izanda, zergatik ez bertako ipuin bat film bihurtu? Beti pentsatu izan dut ipuin honek zeuzkan osagaiak film dibertigarri baterako aproposak zirela».

 

2 Kondaira jantzi eta zabaldu
Patxi infernura eraman dezaten zenbait deabru bidaltzen dituzte abernutik, baina gure errementari bihurriak sekulakoak eta bi egiten dizkie. Deabrua baino gaiztoagoa baita Patxi. Ipuin tradizionala oinarri hartuta, Urkijok eta Asier Gerrikaetxeberrik «umore beltza, abentura eta beldurra uztartuz, giro iluna duen genero fantastikoko istorioa» islatu nahi izan dute osatu duten gidoian. Istorioa Karlistaden garaiko Araban girotu dute. Haraino iritsiko da Ramon Agirre, Alfredo Ortiz komisarioa fikzioan, errementariarekin zer gertatu den ikertzera.  

 

3 Ezustekorako tartea
Tramaren giltza diren zenbait lokalizazio eta pertsonaiaren itxura sekretupean gorde nahi dute, sustapen garaia iritsi arte. Beraz, jakin-minez daudenek itxaron egin beharko dute errementaria (Kandido Uranga) edo istorioan garrantzi handia duten deabruen irudiak ikusteko... Argazkian azaltzen diren figuranteek, ordea, badute horren berri. Atseden une batean daude Itziar Ituño aktorearekin batera, hotzari nola edo hala aurre egin nahian.


4 Karakterizazioa
«Ipuin ilun gotiko» bat dela esanez deskribatu izan du Urkijok “Errementari”. Beraz, karakterizazio lanek garrantzi handia dute. Janzkeraren eta makillaje edo efektu protesikoen arduradunek lan eskerga izan dute Karlistaden garaiko estetikan modan zeuden bizar eta bibote handiak atontzen eta aktoreen azaletan ikusiko ditugun marka, gorriune eta abarrak egiten. Argazkian, Uma Bracaglia, Usue pertsonaiaren azalean sartuko den neskatoa.

 

5 Zazpi asteko filmazio lanak punta-puntako aktoreekin
Urtarrilaren 28an zazpi asteko filmazio lanak amaitu zituzten Miñaon, Gasteiz inguruko industrialde batean, infernuan girotutako eszenak egiteko prestatutako estudioan. Tartean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat lekutan grabatu zuten: Korres, Antoñana eta Kanpezu herrixketan, Muskizko El Pobaleko eta Aiako Agorregiko burdinoletan, Itsasoko elizan eta Azkoitiko Aizpurutxo auzoan izan ziren zenbait astez. Erreportaje honetako irudiak Agorregiko burdinolan eta Azkoitiko Attube baserrian egindako saioetan hartuak dira. Aktoreen artean, euskal eszenako izen ezagun ugari aurkituko ditugu, besteak beste, Kandido Uranga, Eneko Sagardoi, Ramon Agirre, Gotzon Sanchez, Joxean Bengoetxea, Itziar Ituño eta Maite Bastoz. Hauek pantaila partekatu dute herrietan aurkitutako hamarnaka figurante eta estrekin.

 

6 Eszenaratze zaindua
Filmatu duen lehen film luzea izanik, konfiantzazko kidez inguratu da Urkijo. Arte zuzendari lanak Izaskun Urkijo arkitektoaren eskuetan utzi ditu; hau da, arrebaren ardurapean. Harentzat ere lehen film luzea izan da, aurretik anaiaren zenbait proiektutan aritu izan bada ere. Gustura ibili dela aitortu digu, arte arloan esperientzia handiko taldea izan du-eta ondoan. Filmazioan, lokalizazioak istorioa kokatzen den garaira egokitu behar izan dituzte. Fantasiazko zinta bat izanik, «errealitatetik harago» doan istorio bat kontatzen duela eta horrela irudi «berezia» lortu nahi izan dutela dio. «Aurrekontu murriztu batekin malabarak» egin behar izan badituzte ere, zuzendariarekin duen «sintoniak» lana erraztu omen dio. Baliabide falta zela medio, materialak «birziklatu» egin dituzte eta set batetik bestera mugitu behar izan dituzte. Filmean ikusi ahal izango ditugun objektu asko han eta hemen eginiko lagapenak dira.

 

7 Talde teknikoa eta nazioarteko sariak
Arlo teknikoan, jende gaztea eta ibilbide luzeko profesionalak batera izan dira lanean filmean, gehienak euskaldunak. Tartean, Urkijoren aurreko proiektuetan soinu bandez arduratu den Xabat Lertxundi; Urkijoren «itzala» izan den zuzendari laguntzailea, Miguel Angel Jimenez; ekoizpen zuzendari izan den Javier Arsuaga eta Nerea Torrijos figuringilea. Parte hartu dutenen gaitasunaren adibide dira era berean Asier Heras –“Gernika” filmarekin Goya sarietan efektu digitalen atalean berriki izendapena jasotakoa– eta Gorka Gomez Andreu argazki zuzendari gasteiztarra (argazkian, prestaketa lanetan). Gomez Andreu bera saritua izan da ASC (American Society of Cinematographers) argazki zuzendarien  sindikatuak «Zinematografia lorpen nabarmenentzat» ematen dituen sarietako Spotlight atalean,“House of Others” filmagatik. Azpiegitura teknikoarekin ere pozik dira ekoizleak, grabaketarako beharrezko material eta zerbitzu tekniko ia guztia ere kanpora joan gabe lortu dutelako bertako zinema sektoreko enpresekin, esaterako, argiztapen arloko Argilun-ekin edo kameren arloko Ogeita4-rekin.

 

8 Arabako euskara
Hasieran gidoia gaztelaniaz idatzi zuten arren, «ipuinarekiko koherentzia» mantendu asmoz euskaraz grabatzea erabaki zuten. Gorka Lazkano, itzultzaile eta AEK-ko euskara irakaslea, arduratu da egokitzapenaz. Istorioa kokatzen den garaiko Araban hitz egiten zen euskararen «kutsua» ematen saiatu dela aipatu digu. Horrela, zenbait hizkuntzalarik herrialdeko jatorrizko euskararen inguruan eginiko lanetara jo zuen, bereziki Koldo Zuazok “Arabako euskara” lanean jasotako materialera. Gustura gelditu da Lazkano emaitzarekin: «Egindako lanak filmari kolore berezia» ematen diolakoan dago.

 

9 Lan eskerga aurretik
Behin filmazioa amaituta (argazkian, zuzendaria lanean buru-belarri), behin betiko zinta osatzeko postprodukzio lanean sartu dira. Datozen hilabeteetan, besteak beste, lan dexente izango dute efektu berezien arloan. David Heras arduradunaren esanetan, «film honek duen alderik zailena infernuaren sorkuntza digitala da», izan ere, «%40-50 modu digitalean berregingo dugu». Horiek horrela, Herasek filmazioa bertatik bertara jarraitu du, ondoren infernuko atea, sua, hara doazen arimen ilarak eta abar sortzeko ezinbestekoa izango baita filmazioan eginiko lan tekniko zorrotza.

 

10 Bertako ipuina, nazioartera begira
Filmazioa hasi orduko bide luzea egina zuen proiektuak. Aspaldiko ideia gauzatzeko bidean Urkijok bidelagun izan ditu Kinoskopik-eko ekoizleak eta gidoiaren eta proiektuaren garapenera eta produkziora bideraturiko Eusko Jaurlaritzaren zenbait laguntza. Horiek lortuta, nazioartera jo zuten bideragarritasunaren bila: Berlingo zinema jaialdian industriara zuzendutako topaketara joan eta The Project ekoiztetxe frantsesarekin koprodukzio akordioa sinatuta itzuli ziren. Ondoren, Bruselan izaten den Frontièrs azokan izan ziren eta bertan jaso zuten proiektua gauzatu ahal izateko azken bultzada... sektoreko enpresek bultzada emateko aukeratu zituzten hogei proiektuetako bat “Errementari” izan baitzen. Frontièrs-en hautatutako euskarazko lehen filma da, eta hizkuntza txiki batean aukeratutako bakanetakoa. Horrela, proiektuaren bideragarritasuna nazioartean ziurtatuta daukate. Ekoizleen artean, azkenik, Ikusgarri Films eta Gariza Films daude.

 

11 Bide luzea
Hau ez da Urkijoren lehen lana, baina bai bere lehen film luzea. Aurretik eginiko lanek jasotako aitorpenak ateak ireki dizkio proiektua gauzatu ahal izateko. Hamar urte pasatu dira 3Dn eta oso-osorik berak ekoitzitako “Clavos” film labur xumea aurkeztu zuenetik. Ondoren “Jugando con la muerte” (2012) eta Kimuak egitasmotik igarotako “Monsters do no Exist”(2012) etorri ziren. Orain “Errementari” moldatzen ari da eta, gauzak ondo bidean, urtea amaitu aurretik zenbait zinema jaialditan aurkezteko asmoa dute. Nazioarteko merkatuetan “Blacksmith and the Devil” izenburupean zabalduko da. Batek daki aurtengo Donostiako Zinemaldian oraintsu ekoizten dabiltzan “Aundiya” bezalako beste euskal filmekin batera lehian ikusiko ote dugun “Errementari”.