Oihan Jimenez
orangutanak arriskuan

Bizirauteko, maskota izan?

Orangutanak kinka larrian daude. Urtero-urtero kopurua urrituz doa beren habitata desegiten den abiadura berdinean. Eta gainera kumeak maskota edo konpainiarako animalia gisa hartzen hasi dira Borneoko zenbait lekutan, nahiz eta legeak debekatu. Gobernuz kanpoko erakundeak orangutan kume horiek berreskuratzen saiatzen dira, eta askotan asmo onez jasotzen dituzten familiei azaltzen diete etxean izatea euren kalterako dela, gero naturan bizitzea zaildu egiten dietelako.

Borneo munduko hirugarren irlarik handiena da, eta haren jabe dira Indonesia, Malaysia eta Brunei sultanerria. Baliabide natural ikusgarriak ditu, baso eta oihan zabalak, mendi altuak ere bai, eta bertan orangutanak bizi dira, gero eta baldintza kaxkarragoetan bada ere. Mehatxatutako espeziea da orangutana, kinka larrian dagoena, batez ere bere lurraldea abiada bizian galtzen ari delako. Eta gainera, gizakion antz handia duten –geneen %97 konpartitzen dugu– primate horiek badute beste arazo bat: beren kumeak maskota edo konpainia animalia gisa hartzen dituzte gizakiek. Hori da, behintzat, Indonesiako aldean dagoen Kendawangan barrutiko familia batzuek egin dutena eta animalien babeserako hainbat gobernuz kanpoko erakundek eragotzi nahi dutena. Beraien biziraupena dago jokoan.

Argazkietan azaltzen den Vena, zazpi hilabeteko orangutan emea, emakume batekin eta bere familiarekin bizi zen, nahiz eta Indonesian legez kanpokoa den horrelako animaliak etxean izatea. Emakumea bizi den herriko auzokideek eurek honen berri eman zioten Animalien Sorospenerako Nazioarteko Zentroari, eta GKE horrek kumea berreskuratu zuen. Momentuz euren egoitzan dute kumea, zaintzapean, eta esnez eta bitaminekin elikatzen dute. Noizbait berriro ere ingurune naturalera ohitu eta bertan bizi ahal izango dela da zaindarien itxaropena.

Iragan urtean Animalien Sorospenerako Nazioarteko Zentroak 22 orangutan salbatu zituen, asko maskota bezala bizitzera behartuak zirenak, eta beste batzuk euren habitat naturala galdu zutenak. Izan ere, palma olioa ekoizteko –Indonesia da gai honen munduko ekoizle nagusia– sekulako suteak egiten dituzte Borneoko oihanetan, gehienak legez kontrakoak, eta orangutan asko eta asko hilik suertatu edo bizilekurik gabe geratzen dira urtero. Venaren kasuan gertatu bezala orangutan kumeak ondo zainduta daudenean ere, animalien aldeko taldeek nabarmentzen dute etxean pertsonei konpainia egiteko gordetzeak kalte egiten diela, gero beraientzat oso zaila baita ingurune naturalera egokitu eta basoetan bizitzea. «Jende askok ez du ulertzen orangutanak konpainia-animalia gisa gordetzea legez kanpoa dela eta gainera naturan bizitzeko sena gal dezaketela», azaltzen du Indonesiako fauna eta landarediaren babeserako agentziako kide den Ruswantok. Bariahri, etxean Vena orangutana gordetzen zuen emakumeari, beste orangutan kume bat atzeman zioten aste batzuk lehenago. «Badakit espezie babestua direla, baina ez nien ezer txarrik egiten, zaindu egiten nituen», azaldu dio zazpi haurren ama den emakume horrek AFP agentziari.

GKE-en esku geratzen direnean orangutan gazteak oihaneko «eskola» batera eramaten dituzte, eta bertan hainbat urte ematen dituzte, beren kasa bizitzen ikasten, azkenean berriro ere naturan libre geratzeko.

Palma olioaren madarikazioa. Edonola ere, orangutanen bizirautea arriskua jartzen ari dena oihanen desagerpena da, Indonesian beste inon baino azkarragoa eta bortitzagoa izaten ari den fenomenoa. Munduko baso primarioen %10 herrialde horretan daude, eta mehatxatutako zazpiehun espezietik gora bizi dira bertan. Horien artean, orangutanak arrisku kritikoan daude, azken hamarkadatan inoiz baino abiadura handiagoan urritu dira, basoak azkar soiltzen ari baitira palma plantazio errentagarriei eta ikatz meatzeei lekua egiteko. Hainbat erakundek egindako kalkuluen arabera, Indonesian 6.000 bat orangutan hiltzen dira urtero, beren bizilekua den oihan birjina oso zatikatua dago eta geratzen diren zatiak gero eta txikiagoak dira.

Palma olioa da honen guztiaren erantzule nagusia. Egunero erabiltzen ditugun oinarrizko produktu askotan aurki dezakegu (elikagaiak, kosmetikoak...) eta bioerregaia fabrikatzeko ere erabiltzen da. Bioerregaiaren eskaria gero eta handiagoa da, energia garbiagoa omen delako, baina ondorioei erreparatuz, bere ekoizpena gasolina baino kaltegarriagoa da ingurumenarentzat, zuhaitzak mozten direnean karbono dioxidoaren hustubideak desagertzen direlako eta asko isurtzen delako. Izan ere, zuhaitz mozketa masiboaren eraginez, Indonesia CO2 gehien isurtzen duen hirugarren herrialdea da. Kontsumo produktuei dagokienez, askok ez dakite, adibidez, gure supermerkatuetan saltzen diren produktuen %10ek palma olioa daukatela eta orangutanaren habitat naturala suntsitzen ari direla olio hori ekoizteko.

Horiek horrela, gizakion erruz etorkizun beltza izan dezake gure lehengusu iletsu xarmagarriak.