Alaia Martin
IRITZIA

Zaintiratua

Besoak gurutzatuta zain egotea espero duzun hura ukatzeko era bat da. Ez zain egotea egoteko modu ustez aktibo bat baino ez delako bakarrik, baita gorputz adierazpenaren arabera datorrenari ateak ixten ari zatzaizkiolako ere. Besoak gurutzatuta zain egotea margotutako koadro bati begira egotea da, olatuak jirabiran noiz hasiko zain.

Zaintzea zain egoteko era bezala ulertzea dramatikoa litzateke. Zainduak zainketarik behar izango ez duen unearen zain egotea, zainketa denbora pasatzeko zain egotea, zaindari sentitzea, borrero. Zaindu hitza zain egotearekin lotzeak hotzikara txiki bat eragiten dit barne rolen etimologian.

Izaki gardenak-ek badu “Zainak zain” goiburuko abesti bat, eta hitz-jokoaren ederretik harago, bada hain ederra ez den zelai zabal bat, egunero odolusten zaiguna; eskumuturretan, ordularia daramazuenei, esku artetik, ez daramagunoi, denbora zelai zabal bat. Eta guk, zainak zain.

Ez naiz unea bizi behar dugula esaten hasiko, desagertutako hizkuntza baten esaldi famatuenetarikoa izateak pista batzuk ematen dizkit carpe diem esaeraren originaltasunari buruz. Gainera, ez dut uste egungo jendartean unea gozatuta zoriontsu izateko baliabide handirik dugunik. Dena hain vintage edo hain etorkizun itxaropentsu (itxaroteari jaten emateko jarrera modakoa) den honetan, oraingoa ez da luzaro existitzen, existitzen bada. Eta existitzen den kasuetan ere, existitzen ari dela partekatzen ari garen bitartean extingitzen da. Dena hain vintage eta itxaropentsu eta hain baliabidetsu makillatzen den testuinguru honetan, azalak ez du arnasa hartzerik eta hainbeste baliabidek labirinto ehundura ematen die bideei. Baliabide asko izateak berak zaintzen gaitu zain egoteari utzi, eta jardutetik. Dena bideragarriegi ikustera ohitu eta bidea egiten ahaztu zaigu agian. Edozein gauzatarako prest, informatuta, jantzita, iritzituta eta zabalik egoteko gaituta gaudela sentitu izan dut, baina ekiteko, aukeratzeko, behar denean desirizteko malgutasuna eta freskura zailtzen digula horrek. Eta zaintzen ditugula hitzak eta aukerak, eta azkenean hitzek eta aukerek zaintzen gaituztela gu.

Zain egoteko erarik goreena (bi e nahita daude, ez da gorena) norbaiten zain egotea da, zerbaiten zain egotea ere ez da terapeutikoa, baina gutxienez ez diogu kalterik egiten zerbait horri. Zain egon gabe, espero gabe egitea, ematea eta jasotzea lotuago dago, ez gure baina bai bizitzaren bioerritmoekin. Emateko derrigortasunik gabe, jasotzeko errudun sentsaziorik gabe, eguzkiarekin haserretu gabe, zuk marianitoa hartu nahi duzun orduan ez azaltzeagatik.