etorkizun zaila moken herriarentzat

Bizitza itsasoari erabat lotuta

Honako argazkietan agertzen diren lagunak moken etniako kideak dira, Myanmarreko hegoaldean dagoen Myeik artxipelagoan arrantzan dabiltzanak. Horretarako, mendeetan aldatu ez diren arrantzu sistemak erabiltzen dituzte, hots, euren arbasoek egiten zuten legez aritzen dira, baina haiek ez bezala gaur egungo arrantzaleek ez dakite modu horretan bizirauterik izango duten. Izan ere, Myanmar eta Thailandia artean bizi den herri erdi nomada honek betidanik jaso izan du itsasotik behar zuen guztia: bizitoki dituzten ontziak egiteko lehengaiak, jateko arraina eta beste itsas produktuak, eta baita ere arrozaren edo gasolinaren truke aldatzen dituzten perlak. Baina beraiek bizi diren itsasoak ia erabat hondatuta geratu dira arrantzu enpresa handiek egiten duten arrantza masiboaren ondorioz, eta lehen arrainez eta bestelako animaliez mukuru zeuden uretan orain nekez topa dezakete aurrera egiteko behar duten guztia. Myanmarreko eta Thailandiako agintariek, gainera, ez diete batere laguntzen eta hizkuntza eta kultura berezitua duen moken herriko kideen asimilazioa bilatu dute. Horregatik, gero eta gutxiago dira eta gero eta zailago daukate.