amagoia mujika
IRITZIA

Sufrimendua

Inor ez da nortasun agiriko argazkian bezain itsusia, ezta Facebook-eko argazkian bezain ederra ere. Gustatu zait hor zehar topatu dudan gogoeta, kezkatu samar nabilelako sare sozialetan gainezka egiten duen zoriontasunarekin. Zoriontasunak ez luke berez kezkarik sortu behar. Sare sozialetan denak zoriontsuak, irribarretsuak eta toki zoragarrietako bidaiariak baldin badira, non dago arazoa? Berez, inon. Baina ez dut sinisten sufrimendurik existitzen ez den paradisu horretan. Ez nuke erretxina izan nahi, baina ez zait sanoa iruditzen sufrimendurik existitzen ez den mundua irudikatzea; sufritzen ari dena ez delako hor kabitzen eta, batez ere, sufritzen ari denak ez dakielako zer egin bularra estutzen dion larri horrekin.

Inork ez du bere bizitza proiektuan sufrimendua aurreikusi nahi, baina gehienetan deitu gabe etortzen da. Zoriontasunaren bilaketa horretan, harritzar bat bidearen erdian; tristura, mina eta askotan ezina sortzen dituena. Ezina, une batean sufrimendua besterik ikusten ez duzulako, bidea tapatzen dizun harritzarra, zirrikiturik eta ihesbiderik eskaintzen ez duena.

Asko miresten dut sufrimendua maneiatzen dakien jendea. Ez da sufritzen ez duen jendea, modu ahalik eta sanoenean sufritzen dakien jendea baizik.

Pertsonaren izaeran omen dago zoriontasuna eta plazera bilatzea, baina adituek diotenez, kulturak parte handia dauka sufrimendua bizitzeko daukagun moduan. Mendebaldeko kulturan, orokorrean, zoriontasunera daraman bidaian gertatzen den eten desatsegin bat balitz bezala bizi dugu, lehenbailehen gainditu beharrekoa. Nola? Kontra eginez, barruan gordez, botikak hartuz... era batera edo bestera ahalik eta irtenbide azkarrena ematen saiatzen omen gara.

Beste kultura batzuetan, berriz, ekialdekoan kasu, sufrimenduari balioa ematen zaio, pertsonen bizitzan daukan presentzia kontuan hartuz. Kultura horietan sufrimendua ikasketa modura ikusten dute, bizitzaren parte. Eta oso garbi ikusten dute sufrimenduari esker bizitzarako tresnak eskuratzen direla: Jakinduria, erresistentzia, enpatia eta errealitatearekiko errespetua.

Ez dut sufrimenduaren aldarrikapen bat egin nahi, nahiago nuke inork sufritzen ez duen herrian eta munduan bizi. Baina hori eraiki bitartean, sufrimendua kudeatzen ikasi beharko dugu. Ez zaizkit asko gustatzen sufrimendurik existitzen ez den sare sozial horiek, sufritzen ari diren askoren tristura areagotu besterik ez dutela egiten iruditzen zaidalako. Pentsatzen dut sufritzen ari dena askotan bakarrik sentitzen dela zoriontasun itsaso horretan; arraro, galduta, itota.

Denok sufritzen dugu noizbait nahi baino gehiago. Hori lasai ederrean kontatu ahal izatea izan daiteke mina arintzen hasteko lehen urratsa. Gure amonak esaten zuenez, «nahi bau ta ezpau, sufritu bearko du».