Iker Bizkarguenaga
«tanger dream» egitasmoa

Literaturak amultsu hartu duen hiriaren xarma iluna

Tanger hiri paregabea da, argi berezia eta atmosfera onirikoa duena, eta konturatu gabe betiko harrapa zaitzakeena. Txelu Angoitia argazkilari durangarrak bertakotzat jo zuen bere burua hara heldu bezain laster, eta sentipen berdina izan du itzuli den bakoitzean. Orain liburu bat eskaini dio, «Tanger Dream», non hiriko argazki eder, ilun eta iradokitzaileekin batera idazle askok historian zehar hari buruz esandakoak topa daitezkeen. Hiri amestua eta ametsen hiria, hori dena izan daiteke Tanger.

Ziztada moduko bat sentitu zuen Txelu Angoitiak (Durango, 1960) Tanger zapaldu zuen lehenengo aldian. Maitasuna batzuetan halakoxea izaten da, bat-batekoa. Duela lau urte izan zen eta ordutik ahal izan duen guztietan itzuli da, argazkiak egitera. Gainera, hiria agertokitzat dituzten eleberriak irakurtzen hasi zen, bere eskuetara heltzen ziren guzti-guztiak. Argazkilariak azaltzen duenez, «bi bidaia paralelo izan ziren, bata fisikoa eta bestea literaturaren bitartez egindakoa». Bi bidaia horiek gurutzatzen hasi ziren nonbait: «Batzuetan argazkiak egiten nituen eta konturatzen nintzen eszena hori eleberriren batean ikusia nuela; beste batzuetan kontrakoa gertatzen zen, eleberrietan nik aurretik egindako argazkiak topatzen nituen». Batetik bestera ibiltzen zen hirian, gauez batez ere, harritzen edo liluratzen zituen gauzei argazkiak atera eta atera, «pentsatu gabe, unean uneko emozioek gidatuta». Halaxe, pixkanaka-pixkanaka proiektua itxura hartzen hasi zen, liburu eta erakusketa forma ematea erabaki zuen arte.

Tanger agertoki gisa hartzen dituzten eleberriak aipatu ostean, esan beharra dago hiri honek harreman estua izan duela beti literaturarekin, eta “Tanger Dream” liburuan argazkiek pisu nagusia hartzen duten arren, feniziarrak, kartagotarrak, erromatarrak, bandaloak, arabiarrak, portugesak, espainiarrak, britainiarrak eta marokoarrak ezagutu dituen gune estrategiko honi buruz esandakoak aurki daitezke. William Borroughs, Eduardo Haro Tecglen, Mohamed Chukri, Paul Bowles, Pablo Cerezal... asko dira Tangerri buruz idatzi dutenak, eta gehiago bere laztanek sehaskaratuak izan direnak, haren aztikeriari muzin egiteko gai izan ez direnak. Guztiei eskerrak ematen dizkie Txelu Angoitiak.

Eleberrietako giroa islatu. Liburuko argazki gehienak ilunak dira, pertsonek, hiriko bizilagunek, garrantzi handia hartzen dute eta ematen du gehienak ihesean edo ezkutuan dabiltzala. Durangarrak azaltzen du giro misteriotsua sortu nahi izan duela, aztoragarria, nolabait eleberri askotan aurki daitekeen atmosfera islatu eta birsortu nahian. Epe historiko zehatz batean idatzitako obrak hartu ditu Angoitiak eredu, Tanger nazioarteko zenbait herrialderen menpe zegoen garaia, hain zuzen, iragan mendeko hasiera eta erdialdearen artekoa.

«Konturatu nintzen eleberri horietako askok trama gogorrak eta bukaera tristeak zituztela, eta atmosfera horietan oinarrituta irudien bitartez bertan nituen emozioak eta sentipenak azaldu nahi izan nuen, eta, modu orokor batean, bizitzari buruzko nire begirada». Azken batean, gaineratzen duenez, egia esan «hau ez da ‘Tangerri buruzko’ liburu bat, Tanger agertokia baino ez da, eszenatoki bat non porrotei eta amets zapuztuei buruzko istorio bat kontatzen den».

Argazkilariaren begietan pasioa imajina daiteke hiriari buruz hitz egitean. «Adimena eta bihotza irekitzen badizkiozu gauza magikoak, bitxiak sortzen dira bertan, errealitatearen eta ametsaren arteko mugei buruz zalantzak pizten dizkizun lekua da. Heldu bezain pronto bertakoa nintzen sentipen arraroa izan nuen, nire lekua bertan zegoela, eta gauza bera sentitu dut itzuli naizen bakoitzean. Horregatik plazera izan da lan hau egitea». Eta plazera da lan horretaz gozatzea.